Ibaiaren Etxeak igandean Añarbeko Basoan egingo den hondakin garbiketan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak

“Basotik ibaira, ibaitik itsasora” Animatu eta parte hartu gure basoak garbi mantentzen!

Hondakin pilaketaren arazoari aurre egiteko eta gizartea sentsibilizatu eta kontzientziatzeko, Libera Proiektuarekin bat egin du Fanderiako Errotak (Ibaiaren Etxea), “Libera 1m2 por los campos, bosques y montes” kanpainarekin. Datorren abenduak 15ean, igandea, 9:30tan Fanderiako Errota topagune izanik, kotxean abiatuko gara (parte hartzaile kopuruaren arabera) Añarbeko basora (Aiako Harriko Parke Naturala eta KBE, Natura 2000 Sarean) hondakinak biltzera. Jarduera eguerdiko 14:00tan bukatutzat emango da.

Ibaiaren Etxea ibai ondareen eta paisaien balioaz informatu eta kontzientziatzeko helburua duen Errenteriako udal ingurumen ekipamendua da, eta jarduera honen bitartez, gizartea ingurumenaren kontserbazio aktiboan inplikatzeko eta ditugun kontsumo ohitura desegokiek gure ingurumen naturalean sor ditzaketen ondorioak ezagutzera hurbiltzen gaitu.

Libera Proiektuak, urtean zehar garbiketa-ekimenak proposatzen ditu gune naturaletan utzi diren hondakinek sor ditzaketen ondorioak geldiarazteko. Ekimen honen helburua herritarrak sentsibilizatu eta parte hartzean datza, ingurune naturalak hondakinik gabe mantenduz, eta bioaniztasunaren bizitza luzatuz.

Jarduera honetan parte hartzeko aurre erreserba beharrezkoa da Oarsoaldeko turismo bulegoaren bitartez (943494521; turismoa@oarsoaldea.eus). Jarduera doakoa eta publiko zabalarentzat irekia da.