‘Noela, Eguberri Anuntzio’ kontzertua eskainiko du larunbatean Andra Mari abesbatzak

Datorren larunbatean, hilak 14, 20:00etan, Andra Mari abesbetzak ‘Noela, Eguberri Anuntzio’ kontzertua eskainiko du Maria Magdalenaren basilikan.

2017 urtean, data hauetan, XIX. mendeko Camille Saint Saëns-en ‘Eguberriko Oratorioa’ eskaini zuten, 2018an denboran aurrera egin eta XX. mendeko obra bat ere interpretatu zuten: Tomás Aragüés-en ‘Eguberriko Suite’-a. Aurten, berriz, bidaia bat proposatzen dute denboran zehar entzuleak XVI. eta XVII. mendeetara eta Europako eremura eramango dituena, gizaldi haietan Europako hainbat herrietan ohiko ziren Eguberri kantak entzuteko.

Datorren larunbatean eskainiko duten kontzertu honi eman nahi izan dioten espiritua honakoa da: gaur egungo Eguberriko zarata eta gehiegikerietatik ihes egitea, barrurantz begiratzen duen, eta ez kanporantz, kontzertu intimista izan nahi du… Eta espiritu honen bila aukeratu dituzte: eszenatoki izateko Madalena Ermita, formatu txikiko programa bat (30 abeslari izango dituzte koruan eta 5 instrumentu-jole) eta musikariek joko dituzten instrumentuak XVI. eta XVII. mendeetan erabiltzen zirenak izango dira.

Proposamen hau aurrera eramateko bidelagun izango dute Wave in Tempo taldea, Ismael Campanero kontrabaxu-jotzaileak zuzentzen duena. Gazteak dira, oso, baina eskarmentu handikoak errepertorio honen interpretazioan.