San Tomas eguneko egitaraua aurkeztu dute

33 urte dira Xenpelar AEK euskaltegia San Tomas eguna antolatzen hasi zela herrian.

Egun, hainbat talde dabiltza jai hau antolatzen eta, urtero bezala, hilabeteak pasa dira aurtengo San Tomas eguna prestatzen hasi zirela; eta hori dela eta, egitarau zabala eta anitza prestatu dute guztion gustuak eta nahiak asetzeko.

Ohi bezala, aurten ere Zumardia izango da jaiaren erdigunea. Hala ere, txistorra postuak eta egitarauko hainbat ekintza herriko beste hainbat gunetara ere zabaldu dituzte: Herriko plaza, Agirre Lehendakariaren plaza, Biteri kalea, Xabier Olaskoaga plaza, Foru plaza edota Kapitain Etxeko Jantziaren Zentroa.

Aurten, gainera, bi zerri izango dira egunaren protagonista: Maddalen eta Jabianero. Biak jaiaren erdialdean egongo dira, Zumardian, eta, bisitaz gain, pisua asmatzeko aukera izango dute zerriak ikustera hurbilduko diren guztiek. Hots, zerri-porra eginez, pisua asmatuko duenak sari ederra jasoko du Zumardian bertan 19:30ean, orduantxe esango baita zein den benetako pisua.

Aurten ere deialdi berezia luzatu nahi dio herritar orori San Tomas Batzordeak solstizio egun honetan. Lehenik eta behin, atera ditzatela armairuan gordeta daukaten baserritar jantzia. Halaber, ez dezatela ahantzi edalontzi berrerabilgarria etxean; batetik, merkeago aterako baita hau erabiltzea; eta bestetik, ingurumena zaintzeko. Era berean, euskaldunok euskara ahotan badarabilgu, zer esanik ez honelako egun batean, gure nortasuna, portaera, izaera adierazten baitu. Gogoratu, jakina, bestetik, animaliak ere errespetatu behar direla. Eta, bide batez, jakin dezala herri osoak San Tomas batzordeak ez duela onartuko inongo eraso sexistarik gure herrian, ezta arrazistarik ere.

2019ko SAN TOMAS eguneko egitaraua:

  • 10:00: Azokaren irekiera – Zumardia
  • 11:00: Errenteriako Udal Txistulari Taldea – Herriko kaleetatik
  • 11:30: Pregoia – Zumardia
  • 12:00-14:00: Euskal Jantzien erakusketa – Kapitain Etxea Jantziaren Zentroa
  • 13:00: Bertso saioa – Foru Plaza
  • 15:00: Malen eta Ekainen kontzertua – Foru Plaza
  • 16:30: Txapel Jaurtiketa – Foru Plaza
  • 17:00-20:00: Euskal Jantzien erakusketa – Kapitain Etxea Jantziaren Zentroa
  • 17:30: Herri Kirolak – Agirre Lehendakaria Plaza
  • 17:30: Errenteria Musikaleko dantzaldia – Xabier Olaskoaga Plaza
  • 18:00: Trikitilariak – Herriko kaleetatik
  • 18:30: Jauziak – Zumardian
  • 18:30: Deiadar Txaranga – San Tomas Lagun tabernetan zehar
  • 19:00: Amulletako Danborrak – Herriko kaleetatik
  • 19:30: Sari banaketa – Zumardia
  • 22:00: Dantzaldia Laiotz Taldearen eskutik – Zumardia

Honako hauek dira antolaketan aritu diren taldeak: Xenpelar AEK euskaltegia, Alaitasuna, Burusoilak, Ereintza, Gaztelan, Doike, Juventudes Sozialistak, Landarbaso abesbatza, Lifestyle, Motor Bike, Oiarso Saskibaloia, Oiartzoko ikasleak, Pikoketa Errepublikazaleak, Sputnik, Lau Haizetara, Elur, Bixigu, Xebe, Jon, Juankar, Alko, Palote eta Errenteriako Udala.