LED argiteria jartzeko dirulaguntza jaso du Udalak

Errenteriako Udalak argiteria publikoa hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko LEDerako argiak jarri ditu. Lan hori egiteko, Udalak 154.145,80€-ko dirulaguntza jaso du IDAE-FEDER funtsetatik, inbertsio osoaren %50a hain zuzen.

Zehazki 607 luminaria ordezkatuko dira LEDerako argiak jarriz; 69 koadroetatik 3 koadrotako luminarietan jardungo da. Oraingoan, beraz, Beraun auzoan, Kaputxinoetako behe aldean eta Gaztelutxo inguruan egingo dira aldaketak.

Jarduketa horrekin potentzia murriztuko da, 98.93kw-etik 30.35kw-era. Behin jarduera bukatuta dagoenean, %69.2 aurreztea aurreikusten da energia-kontsumoan (185.274kWh/urtero) eta, ondorioz, Udalak 24.085€ aurreztuko dituela urtero fakturan aurreikusten du.

Neurri horiekin, gainera, urtero atmosferara 96.5tCO2equ baino gehiago igortzea saihestuko da.

Jarduketa hauekin aurrerapauso handia egin da Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) gauzatzeko bidean eta Errenteriako argiteriaren %60a baino gehiago LED teknologiakoa izatea lortu da.