700. urteurrenak etorkizunari begira jarriko du Errenteria

2020a urte berezia izango da Errenterian, izan ere, hiribildua eratu zenetik 700 urte beteko baitira datorren apirilaren 5ean. Eta hori, herritarrekin batera ospatu nahi du Udalak. Hala adierazi dute gaur prentsa aurrean Aizpea Otaegi alkateak, Iñaki Queralt EH Bilduko ordezkariak, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko ordezkariak, Josu Mitxelena EAJ-PNVko ordezakariak eta Ion Collar Errenteria Elkarrekineko ordezkariak. Jarduera askotariko programa programa eratzeko lanean hasiak direla jakinarazi dute.

Efemeridea atzera begiratzeko baino, etorkizuneko proiekzioa egiteko baliatu nahi dutela esan du Otaegik: “Hausnarketa eragin nahi dugu: nondik gatozen, nor garen eta, bereziki, etorkizunean izan nahi dugun horren inguruan”.
Baina horrekin batera, Errenteriako bililagunek osatzen duten “gutasuna” ospatu eta indartzeko aukera bezala ere ikusten du alkateak urteurrena “aniztasunaren elkar ezagutza eta aitortzaren bidez”.

Eta ez hori bakarrik, “gure garaiak dituen erronka handien aurrean, gurea bezalako herri batek jokatu beharko lukeen paperari buruz gogoeta” egin nahi dutela ere aipatu du.

Hau guztia aurrera eramateko, udal mailan lantaldea sortu dute. Bertan parte hartzen dute, udalean ordezkaritza politikoa duten taldeetako ordezkariek, hainbat udal teknikarik eta alkateak berak.

Otaegik lantaldearen balioa azpimarratu nahi izan du eta bereziki eskertu nahi izan ditu alderdi politikoek proiektuari emandako babesa eta baita urteurrena elkarren artean antolatzeko erakutsi duten prestutasuna ere.

Herritarrekin eta herritarrentzat
“Ospakizuna guztion gauza da eta horregatik osatu nahi dugu jarduera programa bizia, irekia eta disziplina anitzekoa”, esan du alkateak.
Egitaraua kronologikoki ordenatutako 3 bloke handiren baitan osatuko dutela azaldu du baita ere: “Nondik gatoz?’ galderari erantzuna emango dioten ekintzak apirila eta ekaina artean gauzatuko dira, ‘Nor gara?’ galderari erantzuna emango diotenak ekaina eta iraila artean eta ‘Nora goaz?’ galderari erantzuna emango diotenak iraila eta abendua artean.

Programa herritarrekin osatu nahi dutela azpimarratu du eta horretarako, diru-laguntza deialdi berezia martxan jarriko dutela iragarri du Otaegik. Otsailaren erdialdera arte, gutxi gorabehera, izango dute eragileek proposamenak bidaltzeko aukera (argitaratzen den egunetik 40 egun).

Gainera, dirulaguntza izenduna jasotzen duten elkarteei ere elkarlanean jardun eta proposamenak egiteko gonbitea luzatu zaie eta euren ekarpenak jada jaso dituztela jakinarazi du. Hitzarmenetarako partida handitu egin dute horretarako.

Marka irudi bat ere bai
Bestalde, urteurrena marka irudi batekin ere irudikatu nahi izan dutela esan du alkateak.

Horretarako herriaren armarria aintzat hartu eta gaurkotze lana egin dutela azaldu du: “Sinplifikazio ariketa bat egin dugu”. Gaineratu du, hedatu nahi den Errenteriaren irudia grafikoki ere etorkizunera begira jarri nahi izan dutela.

Kolore bakarra du markak baina ez edozein kolore: “Errenteriarekin lotura zuzena duen kolore baten alde egin dugu. ‘Azul Rentería’ izeneko kolorea da. Errenteriarentzat espresuki egiten den nahasketa baten emaitza”. Kolore hau hiri-paisaiaren parte da eta marka berria ere kolore horrekin janztea ideia aproposa iruditu zaie.