Kukai Dantzaren hiru emanaldirekin estreinatuko du Niessen Kulturguneak urtea

2020aren lehenengo hiruhileko honetan antzerkiaren eta dantzaren esparruko hainbat harribitxi dakartza Niessen Kulturguneak. Hala adierazi dute Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean. Eurekin batera izan da Jon Maya, Kukai Dantza konpainiako zuzendaria.

Urtea indartsu hasiko da Kukai Dantzaren egitarau zabalarekin. Konpainia errenteriarrak hiru saio eskainiko ditu auditorioan. Jon Maya dantzari duen ‘Gauekoak’ ikuskizun berria urtarrilaren 10 eta 11n izango da, 20:00etan; eta hurrengo egunean, hilaren 12an, ‘Oskara’ saritutako lana ekarriko dute, 19:00etan. Baina ez hori bakarrik, formazioko ikasleekin ‘Gelajauziak’ pieza eskainiko dute Xabier Olaskoaga plazan, urtarrilaren 10 eta 11n, 19:00etan.

Hilabetea amaitzeko, familiarteko publikoak Atx Teatroaren ‘Kaskarot’ antzezlanaz gozatzeko aukera izango du. Debekatua dagoen gizarte batean dantza egitea izugarri gustatzen zaion Anerren istorioa kontatzen duen lana da. Hilaren 31n izango da hori, 18:00etan.

Otsailaren 9an, 19:00etan, Tanttakaren ‘Deje su mensaje después de la señal’ antzezlana gaztelaniaz ikusteko parada izango da; bizi dituzten arazoei aurrez aurre ezin heldu dabiltzan lau emakumeren kontakizuna. Hilaren 28an, berriz, La Baldufa Kataluniako konpainiak orroa egiten ez dakien lehoi baten istorioa azalduko dute ‘Safari’ izenburupean, familiei zuzenduta. Saioa 18:00etan hasiko da.

Hiruhilekoa amaitzeko, beste bi emanaldi ekarriko ditu martxoak: El mono habitado talde gasteiztarrak umorez jantzitako ‘¡Ave osos!’ emango du hilaren 14an, 20:00etan; eta Gorakadak ‘Pinocchio’ren bertsio zoragarria familiako kide guztiei zuzenduta, hilaren 20an, 18:00etan.

Gainera, eta ohikoa denez, Atarian ekimenari esker, urtarrilaren 11ko ‘Gauekoak’, ‘Deje su mensaje después de la señal’ eta ¡Ave osos! ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango duela gogorarazi dute.

Aipatu ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daudela jakinarazi du Collarrek: Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago, edo on-line, bibe.me webgunean.

Honekin batera, ikuskizunen prezioak ere aipatu ditu: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako ikuskizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Horrez gain, herritarrak Niessenek eskainiko duen programazioaz gozatzera animatu ditu eta aurkeztutako programazio osoa Banbalinak izeneko arte eszenikoen agendan eta kultura.errenteria.eus webgunean aurki daitekeela gogorarazi du.