Oarso 2020 aldizkarirako artikuluak aurkezteko epea ireki da

Dagoeneko Oarso aldizkariaren aurtengo edizioa prestatzen ari dira. Bigarren garaiko 55. aldizkaria izango da eta uztaileko lehenengo egunetan, Madalenen atarian, aterako da argitara.

Aurten une berezi bat ospatuko da herrian, hiribilduaren eraketaren 700. urteurrena beteko baita, eta ospakizun hori baliatu nahi du erredakzio batzordeak Oarso 2020 aldizkariaren ardatz nagusi gisa gai hori garatzeko.

Urteurren hau aukera ezin hobea da nondik gatozen, egun nor garen eta, bereziki, etorkizunean zer izan nahi dugun geure buruari galdetzeko.

Errenterian bizi garenok osatzen dugun GUtasuna ospatzeko eta indartzeko balio behar du. Gure garaiak dituen erronka handien aurrean, gurea bezalako herri batek zein paper jokatu beharko lukeen pentsatzeari ere tokia eskainiko diote aldizkarian.

Ospakizun hau guztion gauza da eta, horregatik, gustatuko litzaioke erredakzio batzordeari herritarrek parte har dezaten eta lagun diezaioten prestatzen aldizkari atsegina, askotarikoa eta Errenteriako bizimodu aktiboa islatuko duena.
Aukeratutako gaia mugatzeko asmorik gabe, aldizkariko ohiko gaiak gogoratu nahi ditu batzordeak, hala nola oroitzapenak, ospakizunak, pertsonaia ospetsuak edo aurten kontsiderazio berezia izan dutenak. Horretaz gain, urtean zehar herrian izan diren gertakariak edota herriari buruzkoak ere jasotzen ditu.
Oarso aldizkarian edonork kolabora dezake, hemen eskuragarri dauden arauak betetzen dituen idatzi bat aurkeztuta.

Euskaraz idatzitako artikuluen portzentajeak bilakaera ona izan badu ere, gai honen garrantzia azpimarratu nahi dute eta artikuluak euskaraz idatz ditzaten animatu nahi dituzte herritarrak.

Era berean, dei berezia egin nahi dute emakumeek parte har dezaten; izan ere, egun kolektibo hori minoritarioa da kolaboratzaileen artean.

Lanak oarso@errenteria.eus helbide elektronikora bidal daitezke, edo ZU! Arreta zerbitzuan edota Udal Artxiboan utzi (Herriko plaza z.g.)

Jatorrizko agiriak aurkezteko epea apirilaren 24an amaitzen da.

Argibide gehiago behar izanez gero:

– Telefonoak: 943 449 610 / 943 449 626 (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara).
– E-maila: oarso@errenteria.eus