Dirulaguntza deialdi berezia egin du Udalak 700. urteurrenaren egitaraua sortzeko

2020a urte berezia izango da Errenterian, izan ere, hiribildua eratu zenetik 700 urte beteko baitira datorren apirilaren 5ean.

Hori ospatzeko programa herritarrekin batera osatu nahi du Udalak eta horretarako, dirulaguntza deialdi berezia martxan jarri da martxan. Otsailaren 2ra arte izango dute eragileek proposamenak bidaltzeko aukera.

Egitaraua kronologikoki ordenatutako 3 bloke handiren baitan osatuko da: “Nondik gatoz?’ galderari erantzuna emango dioten ekintzak apirila eta ekaina artean gauzatuko dira, ‘Nor gara?’ galderari erantzuna emango diotenak ekaina eta iraila artean eta ‘Nora goaz?’ galderari erantzuna emango diotenak iraila eta abendua artean.

Dirulaguntza esparrua irekia da, edozein arlo edo disziplina landu daiteke betiere, aipatutako bloke bakar bati lotura zuzena egiten badio.

Eragileek, gehienez, hiru proposamen aurkeztu ahal izango dituzte eta onartutako proposamenak %100ean finantziatuko dira.

Dirulaguntza deialdiaren oinarriak osorik errenteria.eus webgunean topa ditzakete interesdunek.