Jose Luis Ansorenaren oroimenari eskainiko diote Musikasteren aurtengo edizioa

Eresbilek 2019 urteko balorazioa egin eta aurtengorako aurreikusi dituen proiektu nagusien berri eman du.

Besteak beste, aditzera eman du Musikasteren 48. edizioa maiatzaren 15etik 23ra ospatuko dela eta Jose Luis Ansorenaren oroimenari eskainiko diola. Egun berezia izango da, eta Errenteriako lau abesbatza garrantzitsuk hartuko dute parte.

Bestalde , Jose Mª Iparragirre, Javier Bello Portu eta Miguel Gonzalez Bastida gogoratuko dira, Khantoria, Urval Ensemble eta Xare Laborategia taldeen parte-hartzearekin.

Amaierako kontzertuak Anita Bringuet-Idiartborde (1891-1943) konpositorearen “Gipuzkoa” balleta aurkeztuko du, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren interpretazioan.

Horretaz gain, Eresbilek Euskal Herriko musika funtsen gida osatzen jarraituko du aurten, Euskal Herriarekin zerikusia duten musika funtsen ondarea aurkitu eta finkatzeko helburuarekin. Gida hori udaberrian aurkeztu nahi dute.

2019 urtearen errepasoa

Aurkezpenean, halaber, Eresbileko arduradunek atzera begiratu dute eta 2019 urteko gertaera eta proiektu nagusiak gogora ekarri dituzte. Horien artean Musikaste eta Eresbilen sortzailearen, Jose Luis Ansorenaren, heriotza azpimarratu dute.

Eresbilek inbentariatutako dokumentuei dagokienez, adierazi dute 263.395 direla: 116.124 ikus-entzunezko dokumentu eta 98.035 partitura. Bilduma 21.596 liburutegi-dokumentuk (liburuak, aldizkariak, etab.) eta 27.640 askotariko dokumentazio-erregistrok osatzen dute (gutunak, argazkiak, programak, kartelak, dosierrak, etab.).

Zehazki, 2019an, Eresbilek 820 partitura berri gehitu zituen bere bildumara, horietako 60 emakume konpositoreek idatziak. Beatriz Arzamendi eta Iratxe Arrietak konposatutako lanak nabarmentzen dira.