Udalak hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroia behar bezala erabiltzeko kanpaina egingo du

Joan den abenduan Errenterian materia organikoa biltzeko edukiontzi marroiak ixteko sistema ordezkatzeari ekin zitzaion. Aldaketa hori bere garaian aurreko sistema hornitu zuen enpresak ordainduko du, izan ere, edukiontzi horietako askoren itxigailuek jarraian eta maiz erabili ondoren, akatsak izan zituzten, eta horiek erabiltzen zituzten familiei hainbat arazo eragin zizkien.

Aldaketa hori egin dela eta, Errenteriako Udalak uste du une egokia dela hondakin edukiontzi marroia modu egokian erabiliz organikoen bilketaren inguruan sentsibilizatzeko eta sustatzeko kanpaina bat egiteko.

Halaber, kanpainak informatuko du egoki erabiliz gero, udal ordenantzetan jasota dagoen bezalaxe, %27ko bonifikazioa izateko aukera dagoela. Azkenik, adierazi beharra dago hondakinak edukiontzitik kanpo uztea administrazio-zehapena dakarren ekintza dela, etxeko eta merkataritzako hondakinei buruzko udal-ordenantzan halaxe baitago jasota, 750 euro arterainoko zehapena izan dezakeela.

Kanpainaren barruan, 3.000 kartel jarriko dira herriko etxeetako atarietan batez ere, eta 5.000 esku-orri banatuko dira udalerriko auzoetan barrena.