Udalaren konpostaje-programan parte hartzen duten 158 familiei esker udalerrian bertan 43.252 kilo biohondakin kudeatu ziren iaz

Errenterian etxeko konposta edo auzokonposta egiten duten 158 familia daude Udalaren konpostaje-programan izena emanda. Zehazki, 102 familia dira Udalaren etxeko konpostaren datu-basean barneratuta daudenak eta 2019 urtean zehar Udalak horietatik 93 familiei egin zizkien jarraipen-bisitak (familia gehienak landalurrean kokatuta badaude ere, badira hiri lurzoruan bizi diren eta etxekonposta egiten duten familiak ere -batzuk hirigunetik gertu kokatutako auzoetan eta beste batzuk industria guneetan edo horietatik oso gertu dituzten etxeetan (hirigunean 30 familia, Zamalbide eremuan 20 familia, Zentolen eremuan 20 familia, Alduran 20 familia eta San Markos inguruetan 12 familia). Bestalde, Udalak 2014 urtean martxan jarritako auzokonposta egiteko 6 guneetan 56 familia ari dira etxean sortutako biohondakinak kudeatzen:
‐ Agustinetan: 8 familia daude, 19 pertsonen biohondakinak kudeatuz.
‐ Alabergan 12 familia (35 herritar)
‐ Fanderian 13 famiia (40 herritar).
‐ Gaztañon 23 familia (Gaztaño I konpostaje-gunean 11 familia eta Gaztaño II-n, 12 famiila). 2 gune hauetan 62 herritarrek sortutako biohondakinak kudeatzen dira konpostaren bidez.
‐ Uztargi haur eskola: Alabergan kokatutako eskola honetako konpostagailuan sukaldean sortutako biohondakinak kudeatzen dira.

Familia horiei guztiei esker (158 familia), etxean sortutako janari-hondarrak (urtean 43 bat tona hondakin organiko) kaleko edukiontzi marroira bota eta hondakin horiek sorlekutik urrun kudeatu ordez, Errenterian bertan kudeatzen dira, hondakinen kudeaketaren lehentasunezko irizpideekin bat etorriz eta hondakinen tratamenduarekin zerikusia duten garraioari lotutako Berotegi Efektuko Gasen isurpena ekidinez (gizakiok eragindako berotegi efektuko gasak dira klima-larrialdi egoeraren erantzule nagusiak).

Bukatzeko, aipatu behar da Udalak duela 5 urte abiarazi zuela Errenteriako konpostajearen udal-programa, konpostajea biohondakinen kudeaketarako sistema moduan bultzatzeko. Horrela, programarekin bat egiten duten herritarrek, zaborraren udal-tasan %35eko hobaria dute urtero eta euren konpostagailuen jarraipen-bisitak jasotzen dituzte. (auzokonpostaren kasuan, hilero). Jarraipen-bisita horiei esker zalantzak argitu, gomendioak eman, eta konpostaje-prozesuan garrantzia duten zenbait parametro neurtzen dira (hala nola; tenperatura, PHa, hezetasun-maila, etab.).

Oraindik konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, udaletxeko herritarren arretarako bulegora joan daitezke eta izen-emate orria osatu. Edonola ere, udal-programa honetan interesa duten herritarrek Errenteriako Udalak kontratatutako enpresarekin harremanetan jar daitezke auzokonpostae@errenteria.eus (auzokonposta) edo etxekonpostae@errenteria.eus (etxekonposta) epostara mezua idatziz edo 628-532-303 telefono zenbakira deituz (astelehenetik ostiralera).