ICÔNE, historiako hamar moda-diseinatzaile handienen erakusketa, Jantziaren Zentroan ikusgai

Jantziaren Zentroak ‘Icône-Modaren historiaren ikonoak’ izeneko erakusketan XVIII. mendetik gaur egunera arte modaren munduan aitzindari izan ziren 10 diseinatzaile handienen historia batu du.

Diseinatzaile horiek garai eta gizarte ezberdinetan bizi izan ziren, eta bakoitzak irudi berria proposatu zuen. Garaian garaiko modaz haratago gaur egun inspirazio iturri dira oraindik ere, estilo propioa sortu zutelako. Erakusketan haien jantzi ikonikoen erreprodukzioak eta ibilbidea ezagutzeko aukera dago.

Hamar diseinatzaileetatik sei gizonezkoak dira eta lau emakumezkoak. Jatorriari dagokionez, bakarra da euskalduna, Cristobal Balencia eta gagainerakoen artean sei frantziar (Bertin, Lanvin, Poiret, Chanel, Dior, Saint-Laurent) eta espainiar, estatu batuar eta britaniar bana (Fortuny y Madrazo, Sybilla, Worth) daude. Ia guztiek Frantzian kokatu zituzten euren tailler zein dendak. XVIII. mendean Rose Bertinek, Maria Antonieta Frantziako erreginaren jostunak, Paris munduko modaren gune bilakatu zuenetik hiri hori izan baita diseinatzaileen gune nagusia.

ICÔNE erakusketan, modaren munduan ikono bilakatu diren hamar jantziez gain, 5 euroren truke, Jantziaren Zentroak argitaratutako lehen liburuxka erosteko aukera dago. “Icône-Modaren historiaren ikonoak” izeneko liburuan erakusketako diseinatzaileen jatorria, hasiera, arrakasta eta kasu batzuetan erorialdia jaso dira.

Erakusketarekin lotuta, martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko egunean, bisita komentatu berezia eskainiko da. Bertan lau emakumezko diseinatzaileen inguruan arituko dira eta Bertin, Lanvin, Chanel eta Sybillak moda munduan egindako ekarpenen eta gizonezkoak nagusi ziren ogibide batean aurrera egiteko izandako zailtasun eta oztopoen berri emango dute.

Horretarako ordu erdiko bi doako saio antolatu dira, goizeko 11.00etan euskaraz eta 11.30ean gazteleraz. Horietan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita ala Errenteriako turismo bulegora deituta  943 49 45 21 telefonora.

ICÔNE erakusketa zabalik egongo da martxoaren 29ra arte larunbatetan goiz eta arratsaldez 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igandetan 12:00etatik 14.00etara.