Azeri Dantza ikasteko entseguak otsailaren 5ean hasiko dira

Urtero ostegun gizenez, Ereintza Dantza Taldearen eskutik, Azeri dantzak Errenteriako kaleak festa giroan murgiltzen ditu eta Herriko plazako emanaldiarekin inauteriei hasiera ematen zaie.

Dantza zirikatzailea eta dibertigarria da Azeri Dantza eta Ereintza Dantza Taldeko kideek herritarren parte- hartzearekin festa are eta ederragoa egin nahi dute; festa herrikoiagoa, alegia. Horregatik, bertan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dute. Honekin, inauteriek azken urteotan hartu duten goranzko joerarekin jarraitu nahi dute eta jaien hasierari bultzada txiki bat eman.

Dantzaz baino, jolasez osatua dago Azeri Dantza eta edonork egin dezake zailtasunik gabe. Hala ere, hori lantzeko entsegu batzuk antolatu dituzte: otsailaren 5, 12, eta 19an, 20:00etan, Merkatuzarren.

Parte hartzeko interesa dutenek, mezua bidali beharko dute bi helbide hauetako batera: kultura@errenteria.eus edo ereintzadantzataldea@gmail.com