Urtetik urtera gero eta gehiago dira lan praktikak euskaraz egiten dituzten Oarsoaldeko ikasleak

Ezkerretik eskubira: Ruben Cuadrado (Iaz praktikak euskaraz egindako ikaslea); Loreto Osa -Pasaiako zinegotzia-; Itziar Ostolaza -Errenteriako zinegotzia-; Carlos Lizarbe (Don Bosco GLHB institutuaren zuzendaria); Gema Ces (Pasaiako Blas de Lezo Itsas Eskola).

Lanbide Heziketa euskaraz ikasten duten ikasleek lantokiko praktikak ere euskaraz egin ahal izateko egitasmoa gauzatzen da urtero Oarsoaldean.

2009-2010 ikasturtean abian jarri zenetik hona egindako ibilbidearen eta aurrera begira dituzten asmoen berri eman dute Oarsoaldeko Euskara Batzordeko arduradunek eta Don Boscoko eta Pasaiako Itsas Eskolako arduradunek Don Boscon egindako prentsa agerraldian.

Gainerako eskualdeetan bezala, poliki bada ere, D eredua eta B eredua hazten ari dira Oarsoaldeko Lanbide Heziketako bi ikastetxeetan ere. Don Boscon, esaterako, bi eskaintzak parekatzera iritsi dira dagoeneko.
Oraindik, ordea, bada hutsune bat eskaintzari dagokionez, hizkuntzari begiratzen badiogu behintzat. Lantokiko praktikak nagusiki gaztelaniaz egiten dituzte ikasleek, baita D eredukoek ere. Praktiken arauetan hizkuntza irizpiderik ez dagoelako, besteak beste.
Hori zuzendu nahian, Oarsoaldeko udalek, eskualdeko euskara batzordearen bitartez, eta Don Bosco ikastetxeak esperientzia pilotu bat gauzatu zuten 2009-2010 ikasturtean Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Esperientzia pilotu hari esker, praktikak euskaraz egiteko oinarri-oinarriko baldintzak zehaztu zituzten: Instruktorea euskalduna izatea ezinbestekoa da; ikasleari harrera ahoz eta idatziz euskaraz egiteko bideak jartzea; ikaslea mugituko deneko enpresa atalean errotulazioa euskaraz ere egotea eta, azkenik, ikasleak eguneroko lanean erabili beharko duen dokumentazioa euskaraz egotea.
Geroztik, urtez urte, metodologia hori aplikatzen ari dira lau udalak eta Don Bosco eta Pasaiako Blas de Lezo itsas eskola programan parte hartzen ari diren enpresetan. Lan hori Ahize-AEK Aholkularitza etxearen laguntzaz egiten dute. Egitasmoa 5 enpresarekin hasi zen eta iaz 21 izan ziren parte hartu zuten enpresak. Urtero enpresa pare bat egitasmoan sartzeko ahalegina egiten dute arduradunek. Egitasmoa abian jarri zenetik 200 ikasletik gora izan dira praktikak euskaraz egin dituztenak.