ADEMGIren aldeko taldekako igeriketa proba egingo da otsailaren 29an

Otsailaren 29an (larunbata), arratsaldeko 15:30ean, ekitaldi solidario berezia egingo da Galtzarabordako Udal Kiroldegiko igerilekuan: 100 x 50 metroko taldekako errelebo lasterketa. Proban biltzen den dirua ADEMGIri, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari, emango zaio oso-osorik. Lehiaketa BPXport SLk antolatu du, Udaleko Kirol arloaren lankidetzarekin.

Talde bakoitza gutxienez 5 partaidek osatuko dute eta gehienez 10 lagunek. Gehienez 12 talde onartuko dira. Taldekiderik gabe dagoen jendeak ere izena eman dezake eta lehiaketaren egunean bertan probaren antolakuntzak talde bat esleituko dio.

Izen-ematea Galtzarabordako Kiroldegiko harreran (943 449 690) zein Fanderiako Igerilekukoan (943 344 423) egin daiteke, 5 euroko dohaintzaren truke (bazkideentzat) eta 6 euroko dohaintzaren truke (bazkideak ez direnentzat).

Era berean, on line ere eman daiteke izena helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz: errenteria@bpxport.es, eta honako informazio hau emanez: taldearen izena, parte-hartzaileen datuak (izen-abizenak, NAN, jaiotze-data, harremanetarako telefonoa, helbide elektronikoa) eta La Caixa ES32 2100 4982 3922 0006 6823 banku-kontuan partaidetzaren zenbateko osoaren ordainagiria. Kontzeptuan taldearen izena adierazi beharko da.

Proban zehar, parte-hartzaileek janari-postu bat izango dute. Horretaz gain, lehiaketa amaitzean, parte-hartzaileak kiroldegian bertan eskainiko den lunch batera gonbidatuta egongo dira. Gainera, parte-hartzaile guztiek hainbat opariren zozketan parte hartuko dute.

Lehiaketa hori dela eta, Galtzarabordako Udal Kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira jendearentzat 15:00etatik 17:00etara. Instalazioko gainerako guneak irekita egongo dira ohiko ordutegian. Nahi duten pertsonak Fanderiako Udal Igerilekura joan daitezke ordutegi horretan.