Niessen Kulturguneak ateak irekiko dizkio kabaretari

Kabaret Festa antolatu dute LGTBI+ Mahaiak eta Errenteriako Udalak Niessen kulturgunean otsailaren 14an, 20:00etan.

Iazko ekainean Errenteriako LGTBI+ pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoa aurkeztu zen eta geroztik herriko LGTBI+ Mahaia biltzen ari da. Orain arte egin den lana sozializatzeko eta Mahaia bera jendaurrean aurkezteko kabaret-festa formatuko ekitaldia antolatzea erabaki da. Izan ere, diagnostiko horretan agertzen diren proposamenen artean LGTBI+ pertsonei eta gainerako biztanleei partekatutako topaguneak eta gozamen-guneak eskaintzea da.

Hortaz, otsailaren 14an, Kabaret Festa antolatu da, amodio erromantikoaren ikurretako batekin puskatzeko asmoz eta pertsonen arteko harreman afektiboetan aukera askoz ere zabalagoa dagoela adierazteko.

Nerea Izagirrek gidatuko duen ekitaldia Bazen Behin Clown taldearen Sexijentziaz askatuz ikuskizunarekin hasiko da. Jarraian, Eneko Gilek egun honetarako espreski prestatutako dantza pieza aurkeztuko du. Ondoren, Yogurinha Borovaren txanda izango da eta, besteak beste, Sentipenak askatu abestia aurkeztuko du. Azkenik, Dj2ttor djak bertaratuen gerriak astinduko ditu bere xarmarekin. Ekitaldiak gauerdira bitarte iraungo du.

LGTBI+ politikekin konpromisoa

LGTBI+ politiken udal arduradun politikoa den Iñaki Queraltek azaldu du Errenteriako LGTBI+ pertsonen errealitateei buruzko diagnostikoa aintzat hartuta, ekintza-plana zehazteko eta garatzeko konpromisoa hartu duela Udalak. Horretarako diagnostikoan proposatzen diren ekintzetatik abiatuta eta heteroarauetan zentratzen ez diren politika publikoak garatzea izango dugu xede. Helburu horrekin, 2019-2023 Agintaldi Planean ildo propioa izango du LGTBI+ pertsonen ekintza plana garatzeak, lehenbiziko aldiz, aurtengo Udal-aurrekontuetan partida bat onartuz estrategia berri horiek sortzeko.

Diagnostikoan jasotzen diren proposamenen artean, honako hauek daude: LGTBI+ mugimenduarekin parte hartzeko prozesuak sustatzea dagozkien gaietan; komunikazio-bideak indartzea; eta prozesu horren guztiaren ondorioz sortutako taldeari erakundearen laguntza eskaintzea.

Horregatik, diagnostikoa aurkeztu zenetik, Udalak kolektiboari lagundu dio hainbat jarduera abian jartzen. “Espero dezagun lankidetza horrek emankorra izaten jarraituko duela eta aurrerantzean ekintza eta proiektu berriak iragarri ahal izango ditugula, berdintasunezko udalerria, fobiarik gabea, lortzeko eta biztanleei bizitza duinak bermatzeko”, amaitu du Queraltek.

Festaren aurkezpen prentsaurrekoan LGTBI+ Mahaiko kide diren Naroa Zabalak eta Mikel Martinek adierazi dute aspaldi zegoela herrian LGTBIQ+ siglen inguruan zerbait egiteko gogoa, izan ere, azken hamarkadetan gauzak aldatu diren arren, “genero-disidenteak, lesbianak, gayak, bollerak, transexualak, maritxuak, pertsona guzti horien aurkako indarkeria oraindik presente dago, forma berriak, baliabide berriak eta diskurtso berriak hartzen jarraitzen du”.

Horregatik, duela hiru urte, herri-ekimen gisa lanari ekin zioten, herritik zer egin zitekeen ikusteko, eta Udalarekin harremanetan jarri ziren. Horiek horrela, 2018 urtean hainbat lagun hasi ziren Udaleko arduradunekin biltzen, eta LGTBIQ+ diagnostikoa proposatu zuten udalerrian; 2019an aurkeztu zena.

“Diagnostikoa egitean sortu ziren topaketak eta sinergiak lagungarriak izan ziren eragile, ekintzaile eta LGTBI+ kolektiboko gainerako kideen talde eragile bat sortzeko. Talde horrek, denborarekin, gaur egun Errenteriako LGTBI+ Mahaia sortu du”, azaldu du Martinek.

Halaber, adierazi dute orduz geroztik hainbat jarduera egin direla Udalarekin lankidetzan, eta orain ekitaldi hau egitea erabaki dela Mahaia bera eta bertan egindako lana jendaurrean aurkezteko.

Era berean, azpimarratu dute herritar guztiak daudela ostiraleko festara gonbidatuta.

Zentzu horretan, Nerea Izagirrek gogorarazi du hau ez dela soilik LGTBI+ pertsonen kontua, denona baizik, jendarte inklusibo bat nahi badugu.