Badatoz inauteriak!

Badatoz inauteriak eta azken urteetako bideari jarraiki, inauteri koloretsuak antolatzeko lanean aritu dira Inauteri Batzordeko kideak eta ‘indar berezia’ jarri dute, herritar guztien gozamenerako, adin guztietarako egitaraua antolatzeko.

Herria zertaz mozorrotu nahiko luketen galdetu zieten herritarrei duela 4 hilabete, eta geroztik, eskuartean dituzuen ekintzak lantzen aritu dira: ‘Kaldereroekin ekingo diogu festa giroari asteburu honetan eta Iñude eta artzainen desfilearekin amaituko dugu, martxoaren 1ean. Tartean izango ditugu jolas eta jostailuetan oinarrituko diren inauteri egunak’, esan zuten. Horietan, gogoan hartzeko hitzordu batzuk aipatu nahi izan zituzten atzo, hilak 12, prentsa aurrean:

INAUTERIEN HASIERA

Otsailaren 20an, 20:00etan, festari hasiera emateko ekitaldi berezia izango da Herriko plazan. Azerikoren lagunak (Asteme, Oilarqueen eta Katuko) udaletxeko balkoira irtengo dira jaiari hasiera emateko. Azeri dantza koloretsua izango da jarraian.

HERRIA JOLASGUNE

Herri-bazkariaren ostean, haur, gazte zein helduek kalean jolasteko aukera izango dute. Horretarako, Herriko plazan, Foru plazan, Zumardian eta Xabier Olaskoaga plazan hainbat jolas izango dira 16:30etik aurrera, arratsalde osoan zehar.

Baina ez hori bakarrik, azken urtetan bezala, oroigarri moduan gordetzeko argazki bat egiteko aukera izango dute herritarrek, 18:30etik aurrera, udaletxeko arkupetan jarriko dugun photocallean.

TABERNEN ARTEKO MOZORRO LEHIAKETA

Aurtengoan ere, herriko hainbat taberna mozorro onenaren saria eskuratzeko lehiatuko dira. Aditu talde batek aukeratuko du taberna irabazlea, ondorengo irizpideen arabera: gaiaren lanketa, originaltasuna, elementu ezberdinen diseinua eta tabernaren girotze lana.

Sari moduan, irabazleari, 2021 urteko inauterietan, bere taberna mozorrotzeko materiala erosten laguntzeko 500€ eskainiko zaizkio.

KONPARTSEN AURKEZPENA

Galtzarabordako kiroldegian izango da aurkezpena, otsailaren 21ean, 19:30ean. Bertan honako konpartsa hauek hartuko dute parte:

  1. Txasiss
  2. Odissey
  3. Eureka
  4. Boveda
  5. Danza-rin
  6. Showtime
  7. Furius
  8. Titanes
  9. Activadance
  10. Cocó dance

1.200 sarrera izango dira salgai Niessen Kulturgunean hilaren 19an, asteazkenean. Horietatik, 900 sarrera goizez salduko dira; 9:00etatik 13:00ak arte, Kulturguneko leihatilan eta Galtzarabordako kiroldegiko tabernan. Gainontzeko 300 sarrerak, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, bai Kulturguneko harreran eta baita kiroldegiko tabernan ere. Sarreren prezioa 1 eurokoa da eta pertsona bakoitzak 4 sarrera erosi ahal izango ditu gehienez.

EGITARAU OSOA

Bukatzeko, gogorarazi zuten, egitarau osoa, bihartik aurrera izango dela eskuragarri udal eraikin publikoetan eta turismo bulegoan. Formatu digitalean, aurkituko dute, hala nahi dutenek, Herri Bizia webgunean. Gainera, bertan, inauterietako argazkien bilduma argitaratuko da egunero.