“Elikadura jasangarria eta Klima Aldaketa”, aurtengo Eskolako Agenda 21eko gaia

Lehenengo hiruhilekoan eskolako diagnostikoa egin ondoren, bigarrengo honetan herri mailako diagnostikoa egiten hasiko dira Errenteriako Eskolako Agenda 21 osatzen duten 4.800 ikaslez osatutako taldearen barruan.Aurten hamabigarren urteurrena betetzen du programa hezigarri honek. Eta iazko gaiarekin jarraituz, hain larria den klima aldaketaren nondik norakoak sakonduko dituzte, oraingoan elikadura jasangarriari begira.

Parte hartzen duten herriko ikastetxeak, hauek dira: Bizarain LH ikastola, Bizarain DBH ikastola, Cristobal Gamon LHI, Don Bosco, Egiluze Gurutzeko alabak, Koldo Mitxelena institutua, Orereta Ikastola eta Telleri-Alde ikastetxea.

Elikadura jasangarria Errenterian:

Gaztetxoenak, bertako eta garaian garaiko elikagaiak ezagutu eta etxeetan ditugun ohiturak aztertuko dituzte. Kalera ere irtengo dira, gure herriko janari dendetan salgai dauden elikagaien jatorriaz galdetzeko. Bide batez, erosketan dabiltzanekin hitz egingo dute izan ditzaketen lehentasunez galdetuz: kontuan izaten al dute erosten dituzten elikagaien jatorria? Eta garaikoak diren edo ez?

Bigarren hezkuntzakoak, janarien xahuketaren inguruan arituko dira. Horretaz gain, Errenterian modu osasuntsu eta jasangarrian elikatzeko dauden aukeraz ere aztertuko dituzte, eragile ezberdinekin hitz eginez: azoka, Arramendiko baratze parkea, Labore Oarso kooperatiba, Azabaratza kontsumo taldea… Azkenik, batxiler mailakoek gosearen arazoa eta transgenikoen gaia ikertuko dute.

Otsailaren 18an maila ezberdinetako ikasleek herriko kaleak hartuko dituzte aurtengo diagnostikoa gauzatzeko. Janari dendetan, taberna eta jatetxeetan, herritarrak inkestatuz… Errenteria eta bertako biztanleen artean elikadura jasangarriak duen garrantziaz jabetuko dira.