Larunbatean inauguratuko dute Esther Otxoaren ‘Basoa nire baitan’ argazki erakusketa Xenpelar Etxean

Esther Otxoak (Errenteria, 1966) ‘Basoa nire baitan’ argazki erakusketan ibilbide emozional eta fisikoa aurkezten du, bularreko minbizi baten diagnosia egin ondoren. Hemeretzi dira imajinario poetiko bat osatzen duten irudiak, eta bertan bere prozesua kontatzen digu, autorretratuak basoko elementuen argazkiekin uztartuz.

Jorge Fernandez Bazaga argazkilari eta psikologoaren hitzetan, “gaixotasunak eragindako joan-etorriak ez dio galarazten argazkilariari bere sentsibilitatea, beldurrak eta ziurgabetasuna erakustea, eta aldi berean, kontakizunaren sorkuntzan, bizitzeko eta partekatzeko borondatean eta absentzia eta presentziaren konbinazio magikoan gauzatzen den kemena”.

Lucia Moratek komisariatutako erakusketa. Martxoaren 7an, larunbatean, inauguratuko da, 19:00etan, Xenpelar Etxean.

Martxoaren 17an, 19:00tan, sortzailea bere sorkuntza prozesuari buruz arituko da Xenpelar Etxean.

Erakusketa martxoaren 28ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.