Zabalik da Atlantikaldiaren egitaraua osatzeko proposamenak bidaltzeko epea

Atlantikaldiak irailaren 24tik 27ra ospatuko du bere zazpigarren edizioa ‘Ortzimugak’ lelopean. Urtero bezala, jarduera artistikoak eta kulturalak programatzeko proposamenak jasotzeko deialdia luzatu nahi die inguruko eragileei.

Egitarau zabala eskaintzeko lanetan ari da jada Atlantikaldiako lantaldea eta, ohikoa denez, eragileekin batera osatu nahi du 7. ekitaldiko programazioa ere. Apirilaren 3ra arte jasoko dituzte proposamenak atlantikaldia.errenteria.eus/proposamen-bidalketa helbideko eskaera-formularioan.

Aurkeztutako ekintzak baloratzeko, antolakuntza batzordetik jakinarazi dute honako irizpide hauek izango dituztela kontuan:

  • Urtean zehar antolatutako ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hots, berrikuntza bat barneratzea.
  • Herritarren parte-hartzea sustatzea.
  • Eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako ekimena izatea.
  • Kaletarra izatea, herritarrei topagunerako aukera eskaintzea.
  • Kultur aniztasuna bultzatzea

Jasotako proposamen guztien balorazioa egin ondoren, jaialdiko lantaldea maiatzaren 29a baino lehen jarriko da igorleekin harremanetan. Informazio eta argibide gehiagorako atlantikaldia@errenteria.eus posta elektronikoa eskuragarri jarri dutela ere esan dute.

Atlantikaldia 2020: Ortzimugak

Zazpigarren edizio hau ‘Ortzimugak’ lelopean eraikiko dutela ere jakinarazi dute: “Ortzimuga elkargunea da, zeruak lurrarekin bat egiten duen puntua, egusenti eta ilunabarren sorlekua, eguna eta gaua, perspektiba anitzak bateratzen diren lerroa”. Errenteriak 700 urte beteko dituen honetan, orainaldiaren eta etorkizunaren arteko inflexio puntua izan nahi du Atlantikaldiaren ortzimugak.

Kontzeptu hauek guztiak bere egingo ditu Atlantikaldiak eta aurrera begirako aukeren eta ikuspegien multzo bezala ulertuko du aurtengo leloa. Gainera, jaialdiaren antolaketa zeharkakotasunaren kulturan oinarrituko dute, eragile eta erakundeen arteko konexioen bilaketan.

Atlantikaldiako 2020ko edizioaren itsasontzia, beraz, Errenteriako kaian porturatzeko prest iritsiko da irailaren amaieran eta urtean zehar honen sarera batu diren kultur proiektu, eragile eta nazioarteko eta lurraldeko profesionalen lanak oholtzaratzeko.

Zazpi urteko ibilbidea

2014an Atlantikaldiaren lehen edizioa ospatu zen. Herriak itsasoarekiko duen eta izan duen lotura berreskuratzea izan zuen helburu. 2015an, aldiz, memoria historikoa berreskuratzeaz gain, Atlantiar itsasoko beste kulturekin elkarrizketa eta elkarlana bultzatu zen. 2016an Atlantikotik haratago mundura zabaldu zen munduko beste itsaso eta itsas herriekin harremanak bideratuz eta Errenteriaren izaera aberastuz. 2017an aurreko urtetan landutako hartu-emanei esker, Errenteria Itsas Topaleku bilakatu zen, kultur lehorreratze handi bat irudikatuz. Lehen aldiz gune ezberdinak sortu zituen jaialdiak herrian zehar. 2018an Atlantikaldiaren Itsas korronteak izan ziren jaialdia munduarekin konektatu zutenak eta iazko edizioan, aldiz, Atlantikaldiaren Marea biziek lagunduta ezezagunak ziren sortzaile eta artistak bistaratzeko apustua egin zuen jaialdiak, eragileen jarduna azaleratuz.