MARTXOAK 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Errenteriako talde politiko guztien artean adostutako adierazpen Instituzionala

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen “grebak” oroitzen ditu, historian zehar gure eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, emakumeon borroken garaia ez da amaitu. Urtetan mobilizazio ugari egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da interpelazio hori instituzioek gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egitea. Herritarrek eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez. Izan ere, mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeonganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik.

Borroka feministak eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

• Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrian;

• Emakumeon aurkako indarkeria mota guztiei aurre egitea eta egiturazko indarkeria horren biktimei arreta erreparatzailea eskaintzea;

• Baldintzak eta aukerak eraikitzea askotariko emakumeok tokiko ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;

• Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;

• Bizitza erdigunera ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Errenteriako Udalak konpromiso irmoa adierazi nahi du gizarte inklusiboa eta berdinzalea eraikitzen jarraitzeko, zeinak pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituen tokiko bizitzan. Horretarako, ondorengo neurriei bide ematen jarraituko dugu:

• Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.

• Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzeko planak diseinatu eta neurriak hartzen jarraitzea. Datozen hilabeteetan landuko diren indarkeriaren eta gobernu onaren plangintza espezifikoak honen adierazle dira.

• Indarkeria matxistaren arretarako eta prebentziorako Tokiko Koordinazio Protokoloa ahalik eta azkarren sinatzea eta aktibatzea, erakundeen arteko elkarlan eraginkorra sustatuz.

• Indarkeria matxistaren biktimei arreta erreparatzailea eskaintze bidean urratsak ematen jarraitzea, Udalaren baliabide guztiak pertsona hauen mesedetara jarriaz eta doako zerbitzu erreparatzaileetan sakonduz.

• Errenteriako emakumeek egindako ekarpenak balorean jartzen jarraitzea, memoria historikoa berreskuratuz, Mariasun landa sariketen gisakoak sustatuz.

• Errenteriako emakumeei ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzen jarraitzea, Eskola Feministaren eskaintzan sakonduz eta Emakumeen Etxeko programazioa indartuz.

• Errenteriako emakumeen topagune eta elkargune izango diren espazio erreferenteak sustatzea, Emakumeen Etxea kasu.

• Errenteriako talde feminista eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jardutea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko, Berdintasunerako Aholku Kontseilua horretarako baliatuz.

• Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearekin – Berdinsarea – bat egiteko urratsak ematea. Sare horren helburua da indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Erakundeen eta gizarte zibilaren arteko lankidetzan aurrera egiteko ezinbestekoa delako, Errenteriako Udalak dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte hatzera.