Asteazkenean adineko pertsonei zuzendutako hitzaldia egongo da, Historia eta Gamifikazioa uztartuko dituena

Kultura | Ongizatea 2020-03-09 | 0

Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Sailak eta Errenteriako Erretiratuen Elkarteek adineko pertsonentzako hitzaldi ziklo bat antolatu dute hainbat gairen inguruan. Lehenengo hitzaldia pasa den hilabetean egin zen Agiac elkartearekin (Gipuzkoako antikoagulatuen elkartea).

Hurrengoa martxoaren 11n izango da, asteazkena, 18:00etan, Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan, ‘Irudien boterea Historian zehar’ izenburupean. Hizlaria Erik Carrero izango da, Historian Graduatua eta Gamifikazioan aditua.

Gamifikazioa ikasteko teknika bat da: jokoekin zerikusirik ez duten jardueretan, adibidez, hezkuntza- eta lanbide-eremuetan jokoen teknikak erabiltzean datza emaitza hobeak lortzeko, dela ezagutza batzuk hobeto barneratzeko, dela trebetasunen bat hobetzeko, dela ekintza zehatzak saritzeko, beste helburu askoren artean.

Azkenaldi honetan, teknologiaren etengabeko aldaketa dela eta, gero eta gehiago erabiltzen da teknika hau, ezagupenak hobeto eta era dibertigarriagoan barneratzea lortzen baita. Erabiltzailearentzat oso esperientzia ona izaten da.

Gaur egun, Erikek Artearen Historia irakasten du Beti Bizkor jubilatuen elkartean eta elkarte horretan ematen dituen eskolen arrakasta ikusita antolatu da hitzaldi hau, historia modu atsegin, hurbil eta dibertigarrian helarazteko gai baita.

No comments yet.

Utzi erantzuna