Herritarren osasuna babeste aldera, Errenteriako Udalak zenbait jarduera eta ekimen bertan behera utzi ditu

Errenteriako Udala koronabirusa prebenitzeko bere eskumenekoak diren neurriak hartzen ari da. Era berean, herritarren osasuna gogoan edukita hainbat zerbitzu eten eta jarduera bertan behera utziko ditu beste erakunde batzuekin elkarlanean eta osasun agintarien aholkuak jarraituta.
Hori dela eta, koronabirusaren kutsatzeko neurri nagusi gisa jendea kopuru handitan biltzea saihestu nahi du Udalak. Horregatik ekin dio arrisku gehien duten pertsonak biltzen diren jarduerak eten eta biltzeko guneak ixteari. Itxiera hauek, momentuz, egun batzuetarako izango dira, eta, gaur gaurkoz ez da posible zehaztea noiz bukatuko diren. Oro har, udal programazio publikoa etengo du; ez, ordea, bere arreta zerbitzuak eta ezta bere barne jarduna ere.

Udalak, beraz, eten egingo ditu bere ardurapekoak diren dozentzia zerbitzuak eta antzekoak, baita adineko pertsonak biltzen dituztenak ere; haurtxokoak, gaztelekuak, Erretiratuen elkarteak, auzoetako emakumeen elkarteak, Bizarain eta haur liburutegiak zein Xenpelar tailerrak ere. Errenteria Musikal eskolak ere ateak itxiko ditu.
Kirol jardunaren aldaketak
Eteteek eragina izango dute kirol jardueran ere. Izan ere, astebururako aurreikusitako eskola-kirolaren jardunaldia bertan behera utzi baitute. Kirol federatuko ekintzak ere eten egingo dituzte.
Era berean, kiroldegietako ateak irekiko badituzte ere, ikastaro-saiorik ez da egingo taldeak biltzea saihesteko.

Udal kultura programazioa
Adierazitako zerbitzuak ez ezik, udal sailek egun hauetarako programaturiko ekimenak ere bertan bera utzi dituzte. Hala nola, txistulari bandaren kontzertua.
Beraz, Udalak sustatutako ekintza guztiak bertan behera gelditu edo beste data batzuetara pasatuko dira. Sustatzaile pribatuen kasuan, berriz, udalak ez egiteko gomendioa emango badie ere, euren esku gelditzen da bertan behera uztea edo aurrera segitzea.
Era berean, Udalak jakinarazi nahi du egoeraren jarraipena egiten ari dela eta jasotzen dituen osasun-agintaritzaren gomendioei jarraiki etenak eta itxiera berriak erabaki ditzakeela, egunez egun, egoeraren bilakaerara egokituta.

Era berean Errenteriako Udalak Osakidetzak prebentziorako eman dituen neurriak jarraitzeko gomendioa eman nahi die berriro errenteriar guztiei.

Zer egin babesteko
• Garbitu eskuak sarritan.
• Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin.
• Eztula edo doministiku egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon gutxienez.
• Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.
• Eskuen ukitze-eremuetan garbitasuna areagotu, etxean zein leku publikoetan.

Sintomak badituzu zer egin
Sintoma ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu gehienak sukarra duen arnas infekzio bati dagozkio. Larritasun handiagoko kasu batzuk egon daitezke, oso gutxitan infekzioak pneumonia eragin dezake; kasu horietan, pazienteak arnasa hartzeko zailtasun handia du eta aire-faltaren sentsazioa, sukar altuarekin. Tratamenduari erantzuten ez dioten paziente larrietan, eta, bereziki, aurretik gaixotasunen bat badute, konplikazio larriagoak izan ditzakete, eta hil ere egin daitezke. Kasurik larrienak, normalean, adinekoetan ematen dira, edo beste gaixotasunen bat dutenen artean, hala nola bihotzekoak, birikak edo immunitate-arazoak.

• Arrisku eremu batera bidaiatu badut, ez joan osasun-zentrora, etxean geratu, 900 20 30 50 telefonora deitu, eta beste pertsonengandik 2 metroko distantzia mantendu.
• Arrisku-eremu batera bidaiatu ez badut, saihestu esparru itxietako ekitaldi kolektiboetara joatea edo zentro soziosanitarioak bezalako erakundeak bisitatzea.

https://youtu.be/MpGDQeXMwyM
Informazio gehiago
COVID-19 Koronabirusaren inguruko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren web orria