Errenteriako Udalak Belabaratz aterpetxea zabalduko du kalean bizi diren pertsonentzako

Hainbat egunetan egindako lan intentsoari esker, Udalak orain arte aterpetxe gisa erabili izan den ekipamendua Errenterian kalean bizi direnentzako prestatu du. Larrialdi-krisiak irauten duen bitartean, bertan konfinatuta egongo direnen behar espezifikoei erantzuteko beharrezko hornidura eta baliabideak jarriko ditu erakundeak.

Covid-19 birusaren zabaltzeak eragin duen kris larriaren ondorioz, neurri bereziak hartzen ari da Errenteriako Udala. Besteak beste, herritarrok konfinatuta egoteko agindua dugu. Testuinguru honetan, kalean bizi diren pertsonek ere erantzun berezia behar dute erakundeen aldetik, bai euren osasunarengatik, baita guztion osasuna bermatzeko ere. Horregatik, gaurtik aurrera, Errenteriako Udalak Belabaratz zabalduko du kalean bizi direnen konfinamendua ahalbidetzeko.

Aterpetxe bat den neurrian, Belabaratzek konfinamendu egokia bermatzeko baldintza materialak ditu (komunak, dutxak, jantokia…), baita kutsatutako kasuren baten susmoa eduki eta norbait isolatu behar izanez gero, ezarritako protokoloei erantzuteko ahalmena ere.

Aitzitik, baldintza material egokiak eta jatekoa bermatuta edukitzetik harago, bertan egon daitezen eta elkarbizitza egokia izan dadin bestelako laguntza eta esku hartze psiko-soziala behar duten pertsonei buruz ari gara. Horregatik, Belabaratzek hezitzaileak, tailer okupazionalak eta zaindaritza izango ditu.

Azkenik, Belabaratzek egungo egoerak dituen eskakizunei erantzuteko moduko garbiketa-zerbitzua izango du.

Kalean bizi diren pertsonekin azken hilabeteetan egin den lanaren segida

Gobernu Taldearentzat lehentasunezkoa da kalean bizi diren pertsonei behar duten arreta eman eta, ahal den neurrian, bizi duten kale-egoeratik irten daitezen baliabideak jartzea.

Horretarako, hainbat neurri jarri dira martxan azken hilabeteetan:

– Aurten, lehendabizikoz, Gaztelutxo aterpea zabalik egongo da urteko 365 egunetan.

– Egonaldi bereziak baimendu dira, pertsona batzuk egonaldi luzeak egiteko aukera izan dezaten. Horrek, epe eta ibilbide luzeagoko esku-hartze psiko-soziala egiteko aukera eskaintzen digu.

– Insertzio sozialeko tailerrak indartu dira.

– Lan egiteko ohiko logikari buelta emanez, pertsona hauek gizarte zerbitzuetara etor daitezen zain egon gabe, kalera irten gara azken asteetan. Arropak garbitzea edo dutxatzea bezalako zerbitzuak eskainiz beraiekiko loturak sortzeko ahalegina egiten ari gara. Zerbitzu horiek erabiltzeari baiezkoa emateak aukera ematen digu modu mailakatuan esku hartzeko. Lan motela da, baina emaitzak ekartzen ari dena: azken asteetan hiru pertsona atera dituzte kale-egoeratik.

– Kalean lanean aritu diren profesional horiek beraiek izango dira orain kalean bizi diren horiengana hurbilduko direnak egoera honek irauten duen bitartean Belabaratzen konfinatu daitezen gonbidapena eginez. Udal arduradunek espero dute lehenago eraikitako harreman horrek balio izatea baiezkoa eman diezaioten eskaintzari.