Errenteriako Gurutze Gorria ere batu zaio herriko Zaintza Sare Publiko-komunitarioari

Herriko Gurutze Gorriak bat egin du Errenteriako Udalak koordinatzen eta udalak berak eta bere langileek, herriko Babes Zibil taldeak eta 450etik gora boluntarioek osatzen duten Zaintza Sarearekin. Giza Erakunde honen ekarpenari esker 010 telefonoan ematen den larrialdi zerbitzua asteburuetara ere zabaldu ahal izango da.
Izan ere, sorospen erakundearen boluntarioek telefono horretan deiak jasotzeko ardura hartuko baitute asteburuetan eta jai egunetan. Hartara, asteburuetan etenik egin gabe Sareak etxetik irten ezin direnen beharrak asetzen jarraitu ahal izango du.
Osasun-krisi larri honetan, zaurgarrien diren kolektiboak zaindu eta babestu behar ditugu. Erikortasuna duten adinekoak udaleko etxeko arreta-zerbitzuen edo kultur- eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileak dira askotan; eta, hain zuzen ere, arrisku handiko taldea dira. Hori guztia dela eta, Errenteriako Udalari beharrezkoa iruditu zaio Covid 19 birusak kolektibo horiei eragin dizkien behar berriei erantzutea, bereziki etxean elikagaiak, botikak edo oinarrizko bestelako produktuak jasotzekoari, bai eta bakardadeko egoerari emozionalki aurre egin eta arintzeko beharrari ere.
Ahalegin horretan, Udalak boluntarioek egindako laguntzeko eskaintzak eta bere bitartekoak elkartu dit; horrela, eta modo proaktiboa, Zaintza Sareak hastapeneko deiak egin ditu: hasieran, gure herrian erroldatutako 70 urtetik gorako herrikide guztiei. Ondoren, 65 eta 69 urte artekoak izan eta bakarrik bizi direnei. Dei horien helburua izan da nola dauden galdetzea eta jakinaraztea 010 zenbakira dei dezaketela botikak edo oinarrizko produktuak etxera eraman diezazkieten.
70 urtetik gorako 7.400 pertsona daude Errenterian erroldatuta eta bakarrik bizi diren 65 eta 69 urte artekoei egindako deiak gehituta 8.000 dei baino gehiago egin behar izan dira. Horregatik, Udalak erabaki zuen boluntarioen eskaintza baliatzea aipatutako zeregina burutzeko: dei asko ziren Udaleko langileek denbora laburrean egin ahal izateko, eta egoera dela-eta azkar egin beharrekoak ziren. Boluntarioek etxetik lan egin ahal izan dute, telefono bidez; hartara, egindako lanak ez die inolako arriskurik eragin.
ZU! zerbitzua eta Errenteriako Babes Zibila
Dei horiek guztiak eginda, eta kontakturako 010 eta 943 449 600 telefonoak ezagutzera eman eta gero, beharra duten herrikideak beren beharrak helarazi dizkiote Udalari. Zerbitzua abian jarri zenetik, dei horiek jasotzeaz ZU! arreta zerbitzuko langileak arduratu dira. Izan ere, langile hauek udal administrazioa kudeatzeaz gain informazio orokorreko eta herritarrekiko tratuan trebakuntza baitaukate.
Beharren zerrenda jasota, erosketak eta etxeetarako banaketa egiten dira. Hauek egiteko, berriz, osasun-segurtasuneko ezagutzak eta baliabideak dituzten pertsonak behar dira. Zehazkiago, zeregin horretaz Errenteriako Babes Zibileko taldea arduratzen ari da. Elkarte hau larrialdietarako trebakuntza zehatza duten boluntarioen taldea da.
Gurutze Gorria eta zerbitzuaren zabaltzea
Covid 19 birusaren hedatzeak sorturiko egoeraren aurrean, Udalak ZU! zerbitzuaren telefono bidezko arreta ordutegia aldatu du eta lan-egunetan 09:00etatik 17:00etara deiak jasotzen ditu. Hala ere, larrialdiari hobeto erantzuteko asteburu eta jai egunen hutsunea betetzeko moduak bilatzen aritu da Errenteriako Udala. Honen konponbidea herriko Gurutze Gorriarekin garaturiko harremanetik etorri da. Horren ondorioz, Giza Erakundeak bat egin du Zaintza Sare Publiko Komunitarioarekin, eta asteburu zein jai egunetan, 10:00etatik 14:00etara deiak jasotzeko ardura hartuko dute bere kideek.
Era berean, gogoratu behar da bere burua eskaini zuten boluntarioek lanean segitzen dutela. Izan ere, jarraipeneko deiak egiten segitzen baitute beraiek egindako deietan atzeman zituzten bakardade eta beldur egoera kasuetan.
Era berean, egoera honetan ere Udalak herritarren datuak babestu egin ditu eta boluntarioei helarazi dizkien datu bakarrak pertsonaren izena eta haren etxeko telefonoa dira. 010-ean jasotako deien kasuan berriz, beharra asetzeko ezinbestekoak diren datuak bakarrik eskatu dituzte.