Covid-19a dela eta, Atlantikaldiarako proposamenak bidaltzeko epea luzatu egin da

Atlantikaldia jaialdiko antolakuntza lantaldeak elkartasun osoa adierazi nahi die egoera honetan une gogorrak bizitzen ari diren merkatari, ostalari, artista eta gainontzeko profesional eta gizabanakoei, eta nola ez, eskerrik beroenak eman krisialdi honi aurre egiteko lanean ari diren osasun arloko langile, zaintzaile, elikadura sektoreko langileei, garraiolari, boluntario eta gaionontzeko herritarrei.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, gizartean eta herritarrengan antzematen den elkartasuna, etorkizuneko jendartea eratuko duen zutabe bilakatzea nahi dute. Atlantikaldia ilusio izpi bat izatea nahi du lantaldeak, une batez etorkizunera begira jarri eta laister elkarrekin gozatzeko jaialdia irudikatu. “Horrelako egoeren aurrean atera behar du bakoitzak duen onena”.

“Atlantikaldiaren edizioa herriaren kohesio eta elkartasuna aldarrikatuko duen festa erraldoi bateanbilakatu nahi dugu”. Aurtengo edizioa inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela azpimarratu dute, etamomentu ezin hobea izan daitekeela honakoa datorren Atlantikaldirako proiektu berriak irudikatzenhasteko. “Normaltasunera bueltatzean kulturak ezinbesteko eginkizuna izango du gizartearen berreraikuntzan”. Horrela, jaialdiko lantaldeak proposamenak jasotzeko epea apirilaren 30a arte luzatu du. Eta hurrengo estekan eskuragai dagoen formularioaren bitartez jasoko dira proposamenak:

https://atlantikaldia.errenteria.eus/proposamen-bidalketa/

Jasotako proposamen guztien balorazioa egin ondoren, jaialdiko lantaldea maiatzaren 29a bainolehen jarriko da igorleekin harremanetan. ​Informazio eta argibide gehiagorako atlantikaldia@errenteria.eus​ posta elektronikoa eskuragarri jarri dutela ere esan dute.

Atlantikaldia 2020: Ortzimugak

Zazpigarren edizio hau ‘Ortzimugak’ lelopean eraikiko dutela ere jakinarazi dute: “Ortzimuga elkargunea da, zeruak lurrarekin bat egiten duen puntua, egusenti eta ilunabarren sorlekua, eguna eta gaua, perspektiba anitzak bateratzen diren lerroa”. Errenteriak 700 urte beteko dituen honetan, orainaldiaren eta etorkizunaren arteko inflexio puntua izan nahi du Atlantikaldiaren ortzimugak. Kontzeptu hauek guztiak bere egingo ditu Atlantikaldiak eta aurrera begirako aukeren eta ikuspegienmultzo bezala ulertuko du aurtengo leloa. Gainera, jaialdiaren antolaketa zeharkakotasunaren kulturan oinarrituko dute, eragile eta erakundeen arteko konexioen bilaketan. Atlantikaldiako 2020ko edizioaren itsasontzia, beraz, Errenteriako kaian porturatzeko prest iritsiko da irailaren amaieran eta urtean zehar honen sarera batu diren kultur proiektu, eragile eta nazioarteko eta lurraldeko profesionalen lanak oholtzaratzeko.