700. urteurrena ospatu egingo du Errenteriak

Artxiboko irudia

Datorren igande honetan, apirilaren 5ean, 700 urte beteko dira Errenteria hiribildua eratu zenetik. Hori ospatzeko, herriko eragileen proposamenekin osatutako programazio anitza sortuta dago jada; Covid-19ak ekarritako konfinamenduak, baina, programazioa etetea ekarri du.

“Bizitzen ari garen egoera zaila izanik ere”, 700. urteurrenerako lantaldeak ez du data berezi hau oharkabean pasatzerik nahi eta etxetik bada ere, urteurrena herritarrekin batera ospatzeko zenbait proposamenen berri eman nahi izan dute Aizpea Otaegi alkateak, Iñaki Queralt EH Bilduko ordezkariak, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko ordezkariak, Josu Mitxelena EAJ-PNVko ordezakariak eta Ion Collar Errenteria Elkarrekineko ordezkariak.

Zentenarioa eta ‘Plaza etxean’

Hala, apirilaren 5ean bertan, “egungo egoerari egokitutako bi ikuskizun” ikusteko aukera izango dela adierazi du Aizpea Otaegik.

Eguerdiko 12:00etan Zentenarioaren bertsio bereziarekin gozatzeko aukera izango dute errenteriarrek Musika Bandaren eskutik.
Arratsaldean, 19:00etan, Jon Mayaren zuzendaritzapean, ‘Plaza etxean’ izenburu duen herriko hainbat artistek osatutako bideoa eskainiko dute eta amaieran herritarrak balkoietara ateratzera animatu nahi ditu Udalak, Zentenarioarekin.

Bi ekimen horiek Herri Bizia udal komunikabidearen webgunean (herribizia.errenteria.eus) jarraitu ahal izangu dira.
Ikuskizunok interneterako konexioa duen edozein gailutatik jarraitu ahal izango dira. Edonola ere, sarbidea errazteko, datozen egunetan esteka hori gogoraraziko dute, bai Herri Biziaren sare sozialetan, bai whatsapp bidez.

Igandea iritsi bitartean, eta “beroketa ariketa” moduan, urteurrenarekin bat egiteko, etxeko leiho eta balkoiak atontzera ere animatu ditu errenteriarrak, zapi edo oihal urdin batekin (urteurrenaren kolorea), etxeko txikienekin egindako marrazki batekin edo antzeko elementu apaingarriekin. ”Errenteriako bizilagunok osatzen dugun ‘gutasuna’ ospatu eta indartzeko unea da hau, inoz baino gehiago”.

Film kolektiboa
“Konfinamenduak inoiz imajinatuko ez genukeen egoeran jarri gaitu herri eta gizarte moduan eta honek, mota ezberdinetako hausnarketak egitera eraman gaitu”, gaineratu alkateak. “Horiek guztiek balio berezia izan dezakete etorkizuneko Errenteriaren eraikuntzan eta horregatik, film batean biltzeko saiakera egin nahi dugu; Errenteriako egungo egoerak sortutako autoerretratu filmiko bat sortzeko saiakera, hain zuzen”.

Otaegik azpimarratu du errenteriarrak eta euren gogoetak izango direla film honen arima eta horretarako, hausnarketok bideo laburretan grabatzeko eskatu die herritarrei.

Proiektu honen inguruko xehetasun guztiak herribizia.errenteria.eus/700urte  web orrialdean daude dagoeneko eta bideoen bidalketa ere bertatik egin beharko da apirilaren 5era arte. “Jasotako grabazio guztiekin, eta edizio lan batean ostean, ‘Begiradak leihoetatik. Errenteriarren arnas filmikoa’ film kolektiboa osatuko dugu”, esan du.

Amaitzeko, adierazi du, datozen hilabeteotan, ahal den neurrian eutsiko diotela eragileen proposamenekin osatutako programazioari.