Errenteriako haur eta gazteen hezkuntza eskubidea bermatzeko asmoz, Udalak interneterako konexioa eta ordenagailuak jarri ditu premia duten ikasleen eskura

Koronabirusa dela eta dekretatu den alarma egoeraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren aginduz ikastetxe guztiak itxi dira eta online hasi dira klaseak ematen. Egoera honen aurrean, teknologia arrakala tarteko, zaurgarria den kolektibo bat identifikatu du Udalak herrian, momentu honetan hezkuntzarako berdintasun eskubidea urratua zaiona.

Errenteriako haur eta gazteen hezkuntza eskubidea bermatzea da Udalaren Hezkuntza Azpisailaren helburua. Eta, horretarako, hainbat bitarteko aktibatu ditu azken egunotan.

Behar handiena duten ikasleen identifikazioa herriko LH eta DBH-ko ikastetxe guztiekin elkarlanean burutu dute. Eta atzo bertan ekin zioten interneteko konexioa bermatuko duten 110 SIM txartel eta 41 ordenagailu etxez-etxe banatzeari udal langileen eskutik. Udalak lagako dituen ordenagailuez gain, ikastetxeek ere haien baliabideak eskainiko dizkiete ikasleei eta Udalak etxeetarako banaketan lagunduko du. Bitarteko hauek eskola presentzialak hasi arte izango dituzte eskura, ondoren Udalari itzuli beharko dizkiote bueltan.

Lanketa honen bidez Errenteriako ikastetxeetan ikasten duten eta hezkuntzarako sarbiderako beharrean dauden ikasleak identifikatu dituzte. Aldiz, Udalak dei egiten die Errenterian bizi diren, baina herritik kanpoko ikastetxeetan ikasten duten ikasleei, beharra izanez gero, 010era deitzera.

Zerbitzu honen onuradunak, beraz, ikastetxetik proposatzen dioten ikasketa-sistema jarraitzeko gai ez den ikasleak izango dira eta Udalak ikasle bakoitzaren ikastetxeko zuzendaritzarekin kontrastatuko du behar hori erreala den ala ez. Izan ere, zerbitzu hau behar-beharrezkoa dutenentzat soilik eskainiko da.

Atzo hasita, helburua 110 ikasleren etxeetara aste honetan zehar iristea da, ahalik eta azkarren gehitu daitezen ikaskideen hezkuntza prozesu berera.

Azkenik, esan SIM txartelak IZARKOM telekomunikazio kooperatibaren iniziatibari esker erosi ahal izan dituela Udalak. Kooperatiba honek, krisi egoera honen aurrean, ikasleen behar zehatzei erantzuteko SIM txartel bereziak jarri baititu eskuragarri.