Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualdeko enpresei eta autonomoei premiazko likidezia programaren eskaeren inguruan aholkatu eta tramitatu ahal izango ditu

Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen eta Elkargik kudeatuko duen programak, bost urterako interesik gabeko kredituak eskatzeko aukera ematen du.

Tokiko Garapen Agentzia bitarteko eragile bideratzailea izango da, eta Elkargiri lagunduko dio eskabideak izapidetzen, eta enpresa zein pertsona eskatzaileen eskabideen inguruan aholkatu, lagundu, jaso eta izapidetu ahal izango ditu.

Elkargi da Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako premiazko likidezia programaren erakunde kudeatzailea. Kreditu bigunak dira, hamar bat finantza-erakunderekin lankidetzan, koronabirusaren krisiak eragindako itxieren eta salmenta-galeren ondoriozko diru zirkulatzailearen lehorteari aurre egin ahal izateko. Langileei ordaindu ahal izateko dirua da, argia edo lokalaren alokairua.

Likidezia da enpresen eta autonomoen kezkarik handienetako bat, koronabirusak eta hari aurre egiteko abian jarritako neurriek sortutako krisi-egoera horrek eragindakoa. Laguntza lerro honek 25 milioi euroko funtsak izango ditu. Maileguek euribor+O kostua dute, bost urterakoak (urte bateko gabealdia) eta irekiera komisioak %0,25 eta urteko komisioa %0,375. Autonomoentzako maileguen zenbatekoak 5.000 eta 50.000 euro artekoak izan daitezke; enpresentzat, berriz, 50.000 eta milioi bat euro artekoak.

Horrez gain, aurreikuspenen arabera, laster argitaratuko da 500 milioi euroko beste larrialdi-kreditu bat, Eusko Jaurlaritzarena, hau ere Elkargik kudeatutakoa.

Helburua da enpresa edo proiektu bideragarri bakar bat ere ez geratzea bidean, eta behar den babes ekonomiko guztia ematea.

Oarsaldea Garapen Agentziak mailegu hauen inguruko aholkuak eman eta eskaerak tramitatu ahal izango ditu gure eskualdean. Horretarako leihatila bakarra jarri dute abian: covid19laguntzak@oarsoaldea.eus edo 943 494 129 telefonora deituz.

Gainera, www.oarsoaldea.eus/covid19laguntzak webgunearen bidez, argitaratzen ari diren laguntzei buruzko informazioa eskuratu ahal izango du hala nahi duenak, informazioa eguneratuz doa eta, neurri ekonomiko berriak argitaratzen diren neurrian.