KZgunea herritarrek egunotan izan ditzaketen zalantza teknologikoak argitzen laguntzen ari da

Zentroetan formakuntza-jarduera eten ondoren eta Covid-19ko epidemia geldiarazteko hartutako segurtasun-neurrien ondorioz mugikortasuna murriztu ondoren, KZgunean beharrezkoa ikusi dute haien zerbitzuak ematen jarraitzea arrakala digitalean dauden pertsonei egoera horretan laguntzeko.

Hala, KZgunea herritarren zalantza teknologikoak argitzeko sistema bat modelatzen ari da, zerbitzu hori behar duten erabiltzaileek erabiltzeko errazak diren kanal ez presentzialen bidez. Beraz, arreta telefonoz edota posta elektronikoaren bidezkoa da.

Hainbat bide daude zabalik laguntza honen bidez, eta horietako bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakaskuntza-jarduerarekin online jarraitzeko hartutako erabakiarekin lotuta dago.

Horregatik, zerbitzu honen lehentasunezko helburuetako bat izango da aholkularitza edo gidalerroak behar dituzten familiei laguntza ematea, beren gaitasun digitalak areagotzeko eta, horrela, beren seme-alabei lagundu ahal izateko ikastetxeek gaur egun ikasleei bidaltzen dizkieten online zereginetan.

Era berean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei (IKT) buruzko edozein zalantza argitzeko laguntza behar duen edonork telefonoz edo posta elektronikoz egin dezake kontsulta. Zehazki, KZguneak funtsezkoa ikusten du laguntza ematea online erosketetan, banku-izapideetan eta abarretan laguntza behar duten kolektiboei, batez ere adinekoei, izan ere eragiketa horiek orain etxetik egin behar izaten dira. Adinekoen egoitzek behar duten babesa ere eman dezakete senideen eta egoiliarren artean bideokonferentziak egiteko.

Horregatik, era horretako kontsultetarako, erabiltzaileek KZ Gunearekin harremanetan jar daitezke telefonoz edo posta elektronikoz, eta zalantzak argituko dituzte.

Zehazki, Errenteriako KZ Gunearen telefono zenbakia 943 023 642 da, eta emaila, tutor.errenteria@kzgunea.net.