Musika izango da aste honetako protagonista Kultur labean

Aste berri bati ekingo  dio gaur Kultur labeako programazioak eta oraingoan, musikak izango du indar berezia. Hala, hasteko, Les Fous taldeko Olatz Otxoa ‘Otxi’k eta Xanti Romanok bi kantu eskainiko dituzte.

Asteartean eta asteazkenean, ordea, ez da emanaldirik izango, izan ere, kultur sektoreak greba digitala deitu baitu bi egun horietarako.

Ostegunean, hilak 23, jarraituko du programazioak Alvaro Ledesma disziplina anitzeko artistak egingo duen musika proposamen batekin.

Bertik kubatar kantautorearen ahotsarekin amaituko da astea.

Emanaldi berrien estreinaldia 18:00etan izaten da egunero eta ordu horretatik aurrera, norberak nahiago duenean izango du ikusteko aukera.

‘Kultur labea’ herriko kultur sorkuntzak etenik izan ez dezan Udalak abian jarritako ekimena da. Covid19ak eragindako Alarma Egoerak irauten duen bitartean, Errenteriako sortzaileak ezagutzera emateko leiho izan nahi du eta bertako programazioa Udalak horretarako espresuki kontratatuko emanaldiekin osatzen da.