BABES ZIBILAK URTEBETETZEAK OSPATU ETA KALEJIRA EGITEARI UTZIKO DIO

Datorren igandea, apirilak 26tik aurrera, egoera berri bat hasten da etxeko txikienentzat. Arautua dagoen markoaren baitan txikienak egunean ordu bat atera ahal izango dira kalera.

Krisiaren hasieratik Babes Zibiletik oso argi izan dugu, beti bezala, herrikideak laguntzeko lan egingo genuela. Ideia hau, batez ere, beharra zuten pertsonei elikagaiak eta medikamentuak beraien etxeetara eramatean egikaritu da.

Zentzu honetan esan behar da hasieratik izan garela Babes Sare Publiko Komunitarioko kide eta gure lan nagusia 010 arreta telefonoan jasotzen ziren eskaerak egikaritzea izan dela.

Baina hain oinarrizkoak ez ziren beste behar garrantzitsu batzuk ere bete ditugu. Horietako bat txikienak bizi ziren etxeetara hurbiltzea izan da, gure sirena eta autoekin, aste luze hauetan kalera atera ezin izan duten horiei poz txiki bat emateko helburuaz.

Orain, egoera berri honen aurrean uste dugu ez dela hain beharrezkoa Babes Zibilekook poz txiki hauek ematen jarraitzea.

Hori dela eta astelehenetik aurrera ez gara herriko puntu ezberdinetara hurbilduko urtebetetzeak ospatu eta kalejira egiteko.

Errenteriako herritar guztiei eskertzen diegu gurekiko izan dituzten txalo, eskertza eta hurbiltasun keinuak. Eskertza anonimo horiek dira astean 7 egunetan, bolondres moduan, lanean egoteko indarrak eman dizkigutenak.