Errenteria Musikaleko ikasleek datorren ikasturterako matrikula egin dezakete jada eta maiatzaren 4an ikasle berrien izen-ematea irekiko da

Egoera berezi honetan, Errenteria Musikal Udal Musika Patronatuak ere bere aletxoa jarri nahi du honetan eta jakinarazi nahi du hurrengo ikasturteari begira dagoela dagoeneko.

Datorren ikasturteari begira, aldaketa eta berrikuntzak izango dira, baina ezin ahaztu ikasturte honetan alarma egoerak behartuta izan diren oztopo eta erronkek sortutako egoera. Aurrez aurreko klaseak bertan behera geratu badira ere, telelanean aritu dira eta honek sortu dituen eragozpenez jabetuta, oraindik kopurua zehaztu gabe izan arren, matrikularen zati bat itzultzea erabaki da. Kopurua zein den, guzti hau amaitutakoan zehaztuko da.

Datorren ikasturterako matrikulazioa eta berrikuntzak

Izen-emateari dagokionez, egun ikasle direnen matrikulazio epea gaur hasi da, eta maiatzaren 8an amaituko da.

Ikasle berrientzat berriz, matrikulazio epea datorren astelehenetik, maiatzak 4tik, maiatzak 15a arte izango da.

Berritasunen artean orain arteko eskaintza zabalari, beste diziplina batzuk gehitu dizkiote: Filmeetarako soinu-bandak, bideo-jokoetarako soinu-bandak, Dj sesio prestaketa, Rap oinarrien sorkuntza, Musika Elektronikoa eta Maketen grabaketa.

Guzti honi hurrengo ikasturtean haur, gazte eta helduei bideratua dagoen Antzerki Eskola ere gehituko zaio.

Dagoeneko Errenteria Musikaleko ikasle direnek, INIKA bidez egin beharko dute hurrengo ikasturteko plaza eskaera, instrumentu edo diziplina berriaren eskaera etab.

Hurrengo urtetik aurrera ikasle izan nahi dutenek, ordea, Errenteria Musikaleko web orritik egin beharko dute plaza eskaera aipaturiko matrikulazio epeak kontuan izanik.

Edozein zalantza, kezka… argitzeko info@errenteriamusikal.eus helbide elektronikoa edo 943 44 96 33 telefonoa daude heritarren esku.