‘Begiradak leihoetatik’ film kolektiboa igandean estreinatuko da

 

Errenteriaren 700. urteurrenaren markoan, eta Covid-19ak sortutako egoera bereziaren aurrean, ‘Begiradak leihoetatik’ film kolektiboa osatzeko deialdia egin zien Errenteriako Udalak herritarrei martxoaren amaieran. Izan ere, konfinamenduak mota ezberdinetako hausnarketak eragin ditu jendartean eta horiek jaso eta biltzea izan da ekimenaren asmoa.

Udaletik jakinarazi dutenez, herritarren erantzuna “itzela” izan da: 150 bideotik gora jaso dituzte filma osatzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiete herriak bizi duen egungo egoeraren autoerretratu filmikoa sortzeko euren pieza txikiak bidali dituzten guztiei.

“Lan handiko” hiru asteren ondoren, filma amaituta dago. Emaitzak urteurrenaren ospakizuna, konfinamenduaren berezitasunak piztutako hausnarketak eta errenteriarren “gutasuna” indartzea oinarri duten mezuak bildu ditu ordu erdi inguruko lan batean.

Hala, ‘Begiradak leihoetatik. Errenteriarren arnas filmikoa’ igandean, hilak 3, estreinatuko da herribizia.errenteria.eus web gunean, 18:00etan.

Filmaren muntaketa Lander Garro zinemagile errenteriarrak egin du.