Kirola egiteko jarraibideak gogorarazi dizkie Kirol sailak herritarrei

Errenteriako Udaleko Kirol sailak, une honetan,  kirol jarduerak nola gauzatu behar diren gogorarazi nahi die herritarrei.
Kirol ez profesionala kontakturik gabeko kirol-jarduerara dago mugatua (bizikletan ibiltzea, korrika egitea, patinatzea, surfa, eta abar), betiere banaka eta babes egokiarekin egiten bada (distantzia, maskara uretakoak ez diren kiroletan, ahal denean, eta abar).
Kirol profesional eta federatuaren kasuan, banakako entrenamenduak,
liga profesionalen oinarrizko entrenamenduak eta kontakturik gabeko kirol-jarduera dira baimenduta daudenak.
Halaber, kirol jarduera profesionala eta federatua zein baldintzatan garatu behar den ezagutzera emateko ondorengo artikuluak plazaratu nahi izan ditu Kirol sailak:

8. artikulua. Kirolari profesionalak eta goi-mailako kirolari gisa kalifikatutako kirolariak

1. Kirolari profesionalek, kirolari profesionalen lan-harreman berezia arautzen duen ekainaren 26ko 1006/1985 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta Kirol Kontseilu Gorenak goi-mailako edo interes nazionaleko kirolari gisa kalifikatutako kirolariek, banaka egin ahal izango dituzte entrenamenduak, aire zabalean, kirolaria bizi den probintziaren mugen barruan. Horretarako:

a) Behar izanez gero, kirol-jarduera garatu behar duten naturaguneetara sartu ahal izango dira, hala nola itsasora, ibaietara edo urtegietara, besteak beste.

b) Beharrezko kirol tresnak eta ekipamendua erabili ahal izango dituzte.

Entrenamenduak egiteko eta materiala erabiltzeko garaian osasun-agintariek COVID-19a kutsatzea prebenitzeko adierazitako urruntze sozialerako eta higienerako neurri egokiak hartu beharko dira.

2. Artikulu honetan aipatzen diren kirolariek, kirol egokituko edo paralinpikoko modalitateak egiten badituzte, beste kirolari baten laguntza izan ahal izango dute beren kirol-jarduera egiteko, ezinbestekoa bada. Kasu horretan, pertsonen arteko segurtasun-distantziak murriztu egingo dira kirola egiteko behar adina, biek maskara erabili beharko dute, eta egoki iritzitako neurriak aplikatuko dira kasu bakoitzean dagokion higiene pertsonala eta arnas-etiketa bermatzeko.

3. Entrenamenduen iraupena eta ordutegia kirol-forma behar bezala mantentzeko beharrezkoak direnak izango dira.

4. Entrenamenduak entrenatzaile-lanak egiten dituen pertsona batek ikusi ahal izango ditu, betiere beharrezkoa bada eta osasun-agintariek COVID-19 kutsatzea prebenitzeko behar diren urruntze sozialeko eta higieneko neurriak betetzen baditu.

5. Oro har, pertsonen arteko segurtasun-distantzia bi metrokoa izango da, bizikletak, patinak edo antzeko tresnak erabiltzen direnean izan ezik, horietan hamar metrokoa izango baita. 2. atalean ezarritako kasuan ez dira gutxieneko distantzia horiek eskatuko.

6. Dagokion kirol-federazioak behar den akreditazioa emango die federazioan sartuta dauden eta baldintza horiek betetzen dituzten kirolariei, eta, ondorio horietarako, kirol-lizentzia edo goi-mailako kirolariaren ziurtagiria nahikoa dela joko da.

9. artikulua. Beste kirolari federatu batzuk

1. Aurreko artikuluan jaso ez diren kirolari federatuek banakako entrenamenduak egin ahal izango dituzte, aire zabaleko guneetan, egunean bitan, 6:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, eta bizilekua duten udalerriko mugen barruan.

Horretarako, beharrezkoa izanez gero, kirol-jarduera garatu behar duten naturaguneetara sartu ahal izango dira, hala nola itsasora, ibaietara edo urtegietara, besteak beste.

Nolanahi ere, egiten duten kirol-modalitatean animaliek parte hartzen badute, praktika aire zabalean egin ahal izango dute, banaka, animaliak dauden lekuan, aurrez hitzordua eskatuta eta denbora-tarte berean.

2. Kirolari federatuen kasuan, kirol egokituko modalitateren bat egiten dutenean, aurreko artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoa beteko dute.

3. Era berean, aurreko artikuluaren 5. atalean pertsonen arteko segurtasun-distantziari buruz adierazitakoa errespetatuko dute.

4. Ez dago baimenik entrenamenduan entrenatzaile edo bestelako laguntzailerik egon dadin.

5. Dagokion kirol-federazioak beharrezko akreditazioa emango die federazioan sartuta dauden eta baldintza horiek betetzen dituzten kirolariei, eta, ondorio horietarako, behar adinako akreditazioa duen kirol-lizentziatzat hartuko da. 

10. artikulua. Liga profesionaletako kirolarien oinarrizko entrenamendua

1. Liga profesionaletan parte hartzen duten kirol-klub edo -elkarte anonimoetan integratutako kirolariek oinarrizko entrenamenduak egin ahal izango dituzte, berariazko kirol-modalitate bati zuzenduak, banaka, eta beharrezko prebentzio- eta higiene-neurriak betez.

Agindu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, oinarrizko entrenamendutzat hartuko da kirol-klub edo -sozietate anonimoek dituzten entrenamendu-zentroetan egiten den banakako entrenamendua, kirol-modalitate bakoitzaren premia berezietara egokitua.

2. Kirolari horien oinarrizko entrenamenduetan, COVID-19 kutsatzea prebenitzeko urruntze sozialeko eta higieneko neurriak zorrotz beteko dira: pertsonen arteko segurtasun-distantzia bi metrokoa gutxienez, eskuak garbitzea, instalazioak erabiltzea, osasun-babesak, eta kirolariak eta instalazioko laguntzaileak babesteari buruzko alderdi guztiak.

3. Dagokion liga profesionalak behar bezalako akreditazioa emango die bertan sartuta dauden eta baldintza horiek betetzen dituzten kirolariei, dagozkion ondorioetarako.