Udalak aurtengo zerga-egutegia malgutu du Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean

Udalak talka- eta suspertze-plan bat aurkeztu zuen joan den ostiralean, COVID-19ak tokiko ekosistema ekonomikoan duen eragina arintzeko. Aipatu egitasmoak 16 neurri aurreikusten ditu.

Horietako bat da egutegi fiskal malgua.

Egutegi fiskala, oro har, aurreikusi bezala garatuko da, hau da, ordainagirien ordainketak modu berean iritsiko zaizkigu, baina nahi izanez gero, ordaintzeko epeak aldatu ahal izango dira. Ordainagirien ordainketak 2020ko abenduaren 31ra arte atzeratu ahal izango dira, interesik gabe, zatika edo osorik. Neurri horrek tasa hauei eragiten die: autoen bineta, OHZ, ura, hondakinak, EJZ, bide publikoaren okupazioa, pasabideen gaineko tasa.

Horretarako, ordainketak helbideratuta dituztenek kobrantzak itzuli ahal izango dituzte eta Udala aurrerago saiatuko da berriro, egutegian zehaztutako egunetan. Erreziboa helbideratuta ez daukaten zergadunek, beren ordainketak Udal honen ZU! Arreta zerbitzuan egin ditzakete, aurrez aurreko zerbitzua berriro hasten denean, edo edozein entitate laguntzailetan goian aipatutako epea amaitu bitartean.

Data guztiak hurrengo egutegian kontsulta daitezke, eta datozen egunotan Errenteriako etxe guztietan banatuko da:

 

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuaren Zergaren (TMIZ) ordainketa

Helbideratuta dauden Trakzio Mekanikoko Ibilgailuaren Zergaren ordainagiriak maiatzaren 8an pasako dira kobrora lehenengo aldiz. Itzuliak etortzen direnak bigarren aldiz uztailaren 9an, hirugarren aldiz irailaren 9an, laugarren aldiz azaroaren 9an eta azkeneko saiakera abenduaren 31n egingo da.

Helbideratuta ez dutenek, datorren astean jasoko dute TMIZren ordainagiri berria, borondatezko epe berria jasotzen duena: abenduaren 31.

Beraz, abenduaren 31ra arte borondatezko epean egongo dira ordainagiriak eta datorren urtean pasako dira exekutibara.