Errenteriak dituen “11 koloreak” ospatuko dira webgune eta bideo solasaldien bidezko eskaintzaren bidez

Kultur aniztasuna 2020-05-18 | 0

Aurten, ‘Errenterian 11 Kolore’ ekimenak V. edizioa izango du, hain zuzen ere, kultur aniztasunaren nazioarteko eguna ospatzeko. Aurtengo egoera dela-eta, https://herribizia.errenteria.eus/11kolore/ webgunean izango da ikusgai herritar orori zuzendutako eskaintza desberdina eta aberatsa.

Horiek horrela, webguneak 6 ate izango ditu eta bertan antolatuko dira eduki desberdinak. Urteroko ‘11 Zapore’ ekimena egingo da, baina aurten ostalariek argazki bidez eskainiko dituzte eurek sortutako pintxoak; urtero legez, kontinente eta herrialde desberdinetan oinarritu dira. Denera, hamahiru tabernak hartu dute parte.

Berrikuntza gisa, ‘11 etxe eta kolore’ proiektuaren emaitza dugu. Herriko DBHko Koldo Mitxelena, Cristobal Gamon eta Telleri-alde ikastetxeetako gazteek landu dituzten argazki eta mikro-kontakizunekin erakusketa bat sortu da. Maiatzaren 21etik aurrera gainontzeko herritarrak proiektuan parte hartzera gonbidatuta daude. Webgunean dago horretarako informazio guztia.

Bestalde, pandemia egoera, haurrak eta aniztasuna batzen dituen film laburra estreinatuko da maiatzaren 21ean arratsaldeko 19:00etan. ‘Leiho guztiak, leiho bakarra’ du izena. Egun oso batez gure herriko bost familiak elkarlanean dokumental bat filmatu dute, haien egunerokotasuna, gogoeta eta bizipenak erakutsiz. Aniztasunaren eguna ospatzeko Zazpi t´erdi produktoreak sorturiko film labur bat da.

Azken urteetako egitaraua gogora ekarriaz, urteroko osagaia den ‘Errenteria munduan’ ekimena izango da ikusgai, aurten argazki galeria baten bidez. Ekimena aurtengo dirulaguntza deialdian parte hartu duten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek aurrera eramaten dituzten proiektuen irudien eta informazioen galeria bat da. Azkenik, etxetik aniztasunean ongi pasatzeko, munduko jolasen, filmen eta liburuen bilduma eskegi da webean; etxeko txikiei nahiz handiei zuzenduriko materiala da. Eta bide batez, Udalak sorturiko ‘Egin zaidazu bisita’ abestiaren bideoklipa gogora ekarri nahi izan da data honetan.

Bideo-solasaldiak eta Burubeltz kalean

Ekintza berezi gisara, herritarrei meet jit.si webgunearen bidezko solasaldiak eskainiko dira asteartetik aurrera. Gainera, gonbidatu berezi bat izango dugu ‘11 Zapore’ ekimenaren egunean. Hain zuzen ere, Najat Kaanache euskal-marokoar sukaldari ospetsua izango da asteazkeneko saioan.

Saioetako parte hartzea honako helbidean izango da, https://meet.jit.si/Errenterian11kolore, ez da inongo izen-ematerik egin beharrik.

Aipatzekoa da herriko 4 biribilgunetan maiatzaren 20tik aurrera Burubeltz izango dela ikusgai.

Bideo-solasaldiak:

‘Errenteria Munduan’

GGKE-ekin.

Maiatzak 19, asteartea/ 19:00

‘11 Zapore’

Herriko ostalariekin eta Najat Kaanachekin.

Maiatzak 20, asteazkena /19:00/

‘Leiho guztiak, leiho bakarra’ FILM LABURRA estreinaldia

Film laburreko zuzendari eta aktoreekin eta ECOCINEMA Mexikoren parte hartzearekin.

Maiatzak 21, osteguna /19:00

‘11 etxe eta kolore’

Proiektuaren koordinatzaileekin

Maiatzak 22, ostirala /19:00

 

No comments yet.

Utzi erantzuna