2019 eta 2020 urteetan jaio diren haurrak matrikulatzeko epea zabalik herriko Uztargi eta Goialde haur eskoletan

Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, aurtengo matrikulazio epea atzeratu egin da Haurreskolak-Patzuergoa sare publikoaren baitako haur eskoletan. Ondorioz, 2020-2021 ikasturteari dagokion kanpaina 2020ko maiatzaren 21etik ekainaren 8ra bitartean egongo da zabalik.

Ezohiko egoera honek eraginda, izen-ematea burutzeko bi modu egongo dira:

Telematikoa: maiatzaren 21etik ekainaren 8ra, biak barne, www.haurreskolak.eus  helbidean.

 Presentziala (haur eskoletan): ekainaren 1etik 8ra (9:00etatik 14:00etara).

2019an eta aurten jaio diren 309 haurren etxeetara bidali du gutuna Udalak, familiek Uztargi eta Goialde haur eskolen eskaintza zuzenean ezagutu dezaten.

Era berean, Errenteriako Udalak gogorarazi nahi du Errenterian hezkuntza eskaintza zabala eta anitza dugula 0-2 adin-tartean ere. Aniztasun horrek ekosistema aberatsa eskaintzen digu hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz.

Ondorioz, Errenteriako Udalak hautu hori herriko haur eskoletan egitera eta D eredua lehenestera gonbidatu nahi ditu familiak eta balorean jarri nahi du haur eskolek jendartean betetzen duten funtzio hezitzaile eta soziala; zaintza garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarriz.

Goialde eta Uztargi haur eskolen ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urteko gelan zortzi haur egon daitezke gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan berriz, hamahiru. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin, eta hezitzaile horiek dira haurrei jaten eman eta haurrak lotarazten dituztenak.

Goialde haur eskolan 2 gela daude, eta etxeko giroa, familiartekoa, bermatzen da. Gurasoek gainera ez dute haurra haur eskolara eramateko presaka ibili behar, aparkatzeko arazorik ez dagoelako. Hezitzaileek etengabe formakuntza jasotzen dute, eta haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen da.

Uztargik 5 gela handi eta belarguneak ditu. Sukaldaria bertan dute eguneroko haurren bazkaria prestatzeko, eta janari ekologikoa eskaintzen dute bertan. Ordutegia bietan bera da, 07:30etik 17:00etara.

Osasun krisiaren ondorioz, azken urteetan antolatu izan diren ate irekiak ez dira burutuko aurtengo kanpainan.