Adierazpen instituzionala. Maiatzak 21. Kultur Aniztasunaren Eguna. “Herritarron ondare amankomuna”

Azalpena:

2001eko azaroaren 2an Aniztasun kulturalari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala onartua izan zen aho batez, kulturen arteko elkarrizketa bakearen bermerik onena delako uste osoarekin. Adierazpen horretan aniztasun kulturala “herritarron ondare amankomuna”-tzat balioesten da. Agiri horrekin altxor bizi hori babesteko eta tentazio segregazionista eta fundamentalista orori aurre egiteko premia aldarrikatu eta sustatu nahi da.

Izan ere, hondamendira erori nahi ez badugu aniztasun biologikoa bezala (landareak, animaliak, ekosistemak… hitz batez biodibertsitatea), pertsonon aniztasun kulturala gorde eta zaindu beharra daukagu. Milaka landare eta animali espezie desagertzen ari diren bezala, milaka hizkuntza eta kultura desagertzen edo hilzorian daude gaur egun munduan. Bi dimentsioak babestea, naturarena eta horren barnean pertsonon aniztasunarena, ahalegin beraren parte dira.

Horiek horrela, pertsonon ondare kultural honen babesari eta zaintzari begira, Errenteriak badu bere erantzunkizuna. Gure herrian hizkuntza eta kultura desberdin askotako herrikideak ditugu. Guztiekiko errespetua eta aitortza aldarrikatzen dugu. Hain juxtu, eskubideen eta kultur aniztasunaren aitortzan oinarriturik gure herria bizileku kohesionatuagoa izan dadin herrikide guztien bizitza-baldintza duinak eta eskubide sozial eta politikoen jabe izatearen aldekoak gara.

Hain zuzen, hilabete hauetan jasaten ari garen pandemiaren harira, azpimarratu nahi dugu, altxortzat balioesten ditugun hizkuntza-kultura horietako askoren eroaleak diren herrikide etorkinak egoera zaurgarrian daudela; bereziki egoera administratibo irregularrean dauden herrikideak.

Orain eta datozen urteetan, erronka lokalari eta globalari erantzun beharreko garaietan, munduko kultura-hizkuntza guztietan arnasten diren balio unibertsalak ezagutzea eta konpartitzea beharrezkoa zaigun bezala, elkarrekiko babesa eta zaintza lantzea geroaren zutabe nagusienetakoa da. Izan ere, euren hizluntza eta kultura babesteko, ezinbestekoa da egoera latzenetan dauden pertsonei herritartasuna aitortzea, eskubide ororen jabe izango diren herritar oso izan daitezen.

Ondorioz, 2020ko kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egun honetan, hizkuntza eta kultura guztien, bereziki, gure herrian bizi diren guztiekiko eta ondare horren eramaile direnekiko errespetu eta estimuzko jarreran oinarrituta, guztien arteko bizikidetza linguistiko eta kulturala lantzea, bereziki euskararen egoera osasuntsuaren aldeko ahalegina bermatzeari begira sakontzen jarraitzea, gainontzeko hizkuntzak eta kulturak ezagutzeko eta ikasteko baliabideak jartzea eta ikusgarriak egiteko pausuak ematea izango da altxor honi emango diogun babesa eta zaintza kolektiboa baita.

Hori horrela, Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du:

• Herriko eragile ezberdinekin lanketa bateratuak garatzeko, sortu berri den Elkarbizitzarako eta Gizarte Ekintzarako Udal Kontseiluaren bidez.

• Errenteriako herritar oro eskubide eta aukera guztien jabe izan dadin lanean jarraitzeko, herritarraren jatorria edo kultura edozein izanik ere, herrikide hauei herritartasun osoa aitortua izan dakien.

• Errenterian erroldarik ez duten herrikideak identifikatzeko, errealitate honen inguruko diagnostikotik abiatuta pertsona hauen eskubideak bermatuak izan daitezen urratsak eman asmoz.

• Kultura ezberdinen arteko topaguneak sortzen jarraitzeko, kulturen artean sinergiak sorraraziz eta ekimen bateratuak sustatuz.

• Hezkuntzaren esparruan herriko gazteenekin lanketak egiten jarraitzeko, Errenteria kulturaniztasunarekiko errespetuan hezteko ahaleginean.

• Errenteriako hizkuntzen aniztasuna balorean jartzen jarraitzeko, hizkuntza oro aitortuz eta ezberdinen arteko topaguneak sortuz.