Datorren astelehenean TAO zerbitzua berriz jarriko da martxan, eta zamalanetarako ohiko ordutegia itzuliko da

Mugikortasuna 2020-05-22 | 0

Datorren astelehenean, maiatzak 25, TAO aparkaldi mugatuko zerbitzua berriro jarriko da martxan. Jarduera handitzeak eta, ondorioz, mugikortasuna eta, bereziki, ibilgailuen trafikoa handitzeak aparkaldi mugatuko zerbitzua (TAO) berraktibatzea dakar, ibilgailuen txandakatzea bermatzen duen eta kotxez egiten diren joan-etorriak minimizatzen dituen neurri gisa.

Horrela, asteotan 24 orduz aparkatzea baimendu diren Miguel Zabaleta – Aiako Arria kirolgunea (Euskaltegiaren atzealdean) eta Parke Kalean dagoen Pio Baroja ikastetxearen kirolgunea aparkatzeko ohiko ordutegi mugatura itzuliko dira, gaueko 22:00etatik goizeko 8:00etara.

Zamalanetarako ordutegia bere ohiko ordutegira itzuliko da, alarma-egoeraren aurrekora, oinezkoentzako guneak berreskuratuz

Oinezkoentzako gune seguruak berreskuratzeko beharrak maiatzaren 25etik aurrera ezarriko den beste neurri bat dakar.

Horrela, berriro aktibatuko dira oinezkoentzako gune hauetarako sarbidea mugatzen duten pilonak: Biteri kalea – Alfonso XI, Biteri Txiki – Fernandez de Landa, Madalen kalea, Ugarritze eta Iztieta.

Eremu horietako zirkulazioa zamalanetarako ezarritako ordutegien arabera kontrolatzen da. Ordutegi horietatik kanpo, larrialdi-zerbitzuak edo baimendutako beste erabilera batzuk bakarrik igaro ahal izango dira.

Biteri, Biteri Txiki eta Fernandez de Landa kaleetako zirkulazioa antolatzeko matrikulak irakurtzeko kamerak jarri dira, eta baimendutako ibilgailuak hautematen dituztenean pilonak automatikoki irekiko dira.

Iztietako oinezkoentzako gunean, sistema hori aurrerago ezarriko da eta, beraz, ohiko moduan funtzionatzen jarraituko da.

No comments yet.

Utzi erantzuna