Krisi honetan bizitza galdu dutenak eta euren gertukoak gogora ekarri ditu udal-korporazioak eta aurreratu du aitortza-ekitaldi bat egingo duela

Atzo egin zuten Udalbatzaren Osoko Bilkura hasi aurretik, Aizpea Otaegi alkateak honako hitz hauek eskaini zizkien, udal-korporazioaren izenean, osasun-krisi honetan bizitza galdu dutenei eta euren ingurukoei:

Udalbatzari hasiera eman aurretik, udal-korporazioaren izenean hitz batzuk esan nahi nituzke.

Izan ere, lehen aldia da osasun-krisia hasi zenetik, modu telematikoan bada ere, udal-ordezkari guztiak elkarrekin gaudena. Eta guztiok presente gaudela baliatu nahi dugu osasun-krisi honetan bizitza galdu dutenei eta euren ingurukoei maitasunez eta goxotasunez hitz batzuk eskaintzeko.

Maite ditugunak hiltzen laguntzea, azken egun eta orduetan akonpainatzea, behar bezala agurtzea eta hildakoaren senide eta lagunenek elkarrekin eta babestuta egoteko aukera izatea oso garrantzitsua da, bai bizitza galtzera doana ahalik eta ongien joan dadin, bai hemen geratzen garenok dolua ahalik eta ongien egin dezagun ere.

Berez erraza ez den hori konfinamenduak ikaragarri zaildu du eta sufrimendua areagotu du.

Herri-ordezkari gisa, min hori arintzen laguntzeko ardura sentitzen dugu eta nahi genuke, horretarako baldintza egokiak ematen direnean, joan direnak gogoan izateko eta ingurukoei gure babesa adierazteko ekitaldi bat egin ahal izatea.

Bitartean, modu xume honetan bada ere, joan direnei adiorik ez, eta ingurukoei besarkada bana.

Gainera, Udalak aurreratu du pertsona horiek omentzeko ekitaldia egingo duela. Ordura arte, Errenteriako sarreretako ikurriñak haga erdian egongo dira, eta herriko armarria eta krespoi beltza dituen bandera bat jarri dute Udaletxean.