‘Nongoa naiz? Del mundo‘ erakusketa ikusgai egongo da Jantziaren Zentroan datorren astetik aurrera

Ekainaren 13tik uztailaren 5a arte ‘Nongoa naiz? Del mundo‘ erakusketa bitxi eta ezberdina egongo da ikusgai Jantziaren Zentroan.

Arduradunen hitzetan, “Proiektu hau katalogatzea zaila da, baina erakusketa ikustera gerturatzen denak aukera izango du 20 jantzi bitxi ikusteko, jatorriz beste lekuetakoak diren baina gure artean bizi diren pertsonen eskualde-jantzien edo jantzi-bereizgarrien berrinterpretatze ekintza baten emaitza gisa”. Ekimenak Udalaren aniztasunean sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntza jaso du.

Prozedura oso aberasgarria izan da parte hartu duten kolektibo ezberdin guztientzat. Errenterian gauzatu da herriko jendearekin, parte-hartzaileak herrian elkar-bizi diren jatorri ezberdinekoak dira, kasu honetan, emakume ukraniarrak, marokoarrak, euskaldunak…

Trebeziak, bizipenak eta esperientziak trukatzeko topaketa bat izan da, helburu bateratu bati esker garatuak: herri bakoitzeko jantzi tradizionala jostea. Joskintza hainbat emakume lotzeko gaia izan da, jakintza eta ezagutza asko duten emakumeak, partekatzeko eta ikasteko gogoz beteak. Parte hartu duen emakume bakoitzak bere zatitxo bat emateko aukera izan du, landu dituzten hiru jantzietako bakoitzari beraien ukitu hori gehituz: ukraniar, arabiar eta euskal jantzi-tradizional bana.

Jantzi horietako bakoitzak historia bat izan du, emakume horietako bakoitzak bizitako esperientziaren bidez kontatua, prozesuan bertan tradizioa, sinbologia, hizkuntza, historia, kultura… nahastuz, emozioz betetzen zitzaizkien begiak euren bizipenak partekatzean. “Sortutako giroa paregabea izan da, emozioz, barrez eta irribarre askoz betetako giroa, azken batean, konplizitatez betetako giroa”.

Iaz burutu zen prozesu horri esker, kultura ezberdinetara gerturatzeko aukera izan dute, baita zapore ezberdinetara ere, partaide guztien sukaldaritza-ekarpenak medio. Garatutako topagune bakoitzak munduko ertz batetik bestera eraman ditu. Bidaiatzeko, ezagutzeko, gerturatzeko… aukera izan dute.

Erakusketak proiektu hau biltzeaz gain, beste “pentsatze” une batetik sortutako jantzi multzo bat erakusten du, diseinatzaile gazte eta jarraian adierazten diren elkarte ezberdinetako pertsonen artean burututakoak: Emigrados sin fronteras, Ucrania-Euskadi Elkartea, Guardabarranco Grupo de Baile eta MEXkadi etxea kultura elkarte mexikarra.

Hona prozesuaren bideoa: