Jangou aplikazioa aurkeztu dute gaur, hainbat tabernari buruzko informazioa APP bakarrean biltzen duena

Skura kooperatiba errenteriarrak garatutako Jangou aplikazioa aurkeztu dute gaur. Aurkezpenean Aizpea Otaegi alkatea, Silvia Fernandez eta Maitena Urretabizkaia Skura elkarteko kideak eta Ariz Prades eta Itsaso Garaiar Ostari ostalaritza elkartearen ordezkariak izan dira.

Jangou hainbat tabernatako informazioa (kartak, argazkiak, kontaktua, ordaintzeko moduak…) toki bakar batean biltzen duen aplikazioa da. Kokapen-funtzioari esker, une horretan erabiltzailearen inguruan dauden tabernak erakusten ditu, baita haren xehetasunak ikusteko aukera ere, eta bilatzeko aukera ere badu, interesatzen zaigun taberna izenaren arabera aurkitzeko. Gainera, ostalaritza-establezimendu bakoitzari QR kode bat emango zaio, bezeroen eskura jarri ahal izango duena, eta eskaneatzen dutenean, taberna horren orrian irekiko da zuzenean aplikazioaa.

Aplikazioak Errenteriako 14 tabernari buruzko informazioa eskaintzen du dagoeneko, eta laster gehiago elkartzea espero dute, orain ari baitira ezagutzera ematen.

Aplikazioaren arduradunek eta Ostariko ordezkariek azpimarratu dute zein erraza den alta ematea negozioentzako: nahikoa da jangou.eus atarian ordenagailu batetik sartzea, goiko menuan “Taberna sortu” aukera aukeratzea eta adierazitako urratsak jarraitzea. Nolanahi ere, norbaitek bere taberna erregistratzeko laguntza behar badu, Ostarin, Skuran edo Errenkoalden eska dezake. Izan ere, helburua krisi honetan inor atzean ez geratzea, elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea dela nabarmendu dute.

Aurkezpenean, Aizpea Otaegik adierazi du Torrekuan oso proiektu interesgarriak daudela, tartean Skura, eta bertan dagoen proiektu batek horrelako proposamen bat egitea juxtu bizitzen ari garen testuinguru honetan, ekarpen bat egiteko asmoz, oso interesgarria dela, erakusten duelako Torrekuan dauden proiektuek badutela herriarekiko atxikimendua. “Zentzu horretan, zoriontzea eta eskertzea egiten duzuen ekarpena. Ulertzen dudala gainera Bizi Errenteria programan oso ondo kokatzen dela eta ekarpen oso polita egiten diola”.

Bestalde, Skurako kide den Maitena Urretabizkaiak azaldu du Jangou ostalarien sarea indartzeko aplikazio bat dela, ostalariak eta herritarrak elkartzea duena helburu. Halaber, azpimarratu du krisi honetatik ateratzeko ezinbestekoa dela elkarlana eta elkarzaintza, norberaren interesaren gainetik jarri behar dela ikuspegi kolektiboa komunitatea indartzeko. Zentzu horretan, adierazi du krisi honen eraginez ikusi dutela behar komun batzuekin aurkitu direla ostalariak eta horiei modu indibidualean aurre egin ordez, modu kolektiboan aurre egiteko momentua dela, “behar komunei tresna komunk jarri behar zaizkiolako”.

Azkenik, Aritz Pradesek, Ostariren izenean, adierazi du oso pozik dagoela ekimenarekin, eta eskerrak eman ditu Udalak horrelako proiektuak sustatzeagatik eta, kasu honetan, Skura eta Ostariren arteko solaskidea izateagatik, proiektua gauzatzen laguntzeko. Era berean, oso ilusionatuta daude Skuraren lanarekin eta sormenarekin, eta oso eskertuta plataforma hau sortzeagatik, tresna handia baita bai ostalaritzarentzat bai kontsumitzaileentzat, edozein unetan kontsultatu ahal izango baitute modu erosoan herriko ostalaritza-eskaintza. Ostarik APP-a deskargatzera eta ostalaritza proiektuarekin bat egitera animatu ditu herritarrak eta tabernariak. Pradesek berretsi du Ostari, Skura eta Errenkoalde prest daudela edozein ostalariri aplikazioarekin laguntzeko.