Pello Leiñena izango da Eresbilen zuzendari berria

Pello Leiñena donostiarra izango da datorren uztailaren 1etik aurrera Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboko zuzendari berria, Jon Bagüesen ordez. Izendapen hori Eresbileko patronatua osatzen duten lau erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Andra Mari Abesbatza) parte hartu duten hautaketa-prozesuaren ondoren egin da. Bagüesek zuzendari postua utzi eta erretiroa hartuko du, erakunde honen buru 20 urtez egon ondoren, 2000. urtean Jose Luis Ansorena Eresbileko fundatzailearen lekukoa hartu zuenetik.

Pello Leiñena Eresbileko zuzendari berriaren aurkezpena gaur goizean egin dute, Errenteriako egoitzan. Ekitaldian izan dira, Leiñena bera eta Jon Bagüesekin batera, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Andoni Sierra, Andra Mari Abesbatzaren izenean.

Pello Leiñenaren ibilbide profesionala

Pello Leiñena (Donostia, 1965) Eresbileko zuzendari berria 1991tik da Eresbil musika artxiboko teknikaria. Musika ikasketak San Ignacio abesbatzarekin eta Donostiako Orfeoiarekin uztartu zituen Leiñenak, Oviedoko Unibertsitatean Musikologian lizentziatuz. Eresbileko teknikari gisa, hainbat erakunde profesionalekin lan egin du, bai artxibo-arlokoak bai musika-arlokoak, eta datu-base espezializatuak diseinatzeko eta kudeatzeko prozesuetan parte hartu du.

Orain, Eresbileko zuzendari gisa “Ibilbide sendoa duen erakunde batek dituen erronka berriei aurre egiteko prest” agertu da, baita ildo berriak proposatzeko ere. Euskal musikaren hedapena eta ondare bezala duen baliotik abiatuta, Leiñenaren helburu nagusia izango da “bere bildumaren balioa nabarmentzea”, eta musika-artxibo eta musika-dokumentuen kudeaketa-sistemetan izandako aldaketa sakonei heltzea. Lan horrek “memoria digital garrantzitsu bat sortzea ahalbidetuko du, helburu izango duena gure egungo eta iraganeko errealitate musikala ezagutzea eta zabaltzea”.