Ekainak 28, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna. Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala

51 urte igaro dira Stonewallen (New York) lesbiana, gay, trans eta, batez ere trabestiak, jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean matxinatu zirenetik. Ordutik, data hau mugarri bihurtu da LGTBIQ+ pertsonen borrokan eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrera egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 9an, polizia batek Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabestia izateagatik. Urte hartako ekainaren 28an LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten lehen aldiz, erailketa salatu eta euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko eskubidea aldarrikatuz.

Pertsona homosexual, lesbiana, trans edo bisexual batek bizi duen egoera, jasan ditzakeen eraso zein bazterkeriak, bere jatorria, bizilekua, adina edota egoera ekonomikoaren arabera asko alda daitezke. Euskal jendarte osoari dagokion borroka da eskubide honen defentsa; gainontzeko borroka askatzaileekin batera landu behar dena.

Sarraski hartatik urteak pasa diren arren, zoritxarrez, kolektibo honek pairatzen duen jazarpena ez da amaitu. Hamaika herrialdetan LGTBIQ+ izatea heriotzarekin zigortzen da egun, eta beste hainbatetan kartzelarekin (biziarteko kartzela-zigorra, isunak, lan nekagarriak eta deportazioak). Kasu batzuetan, heriotza eragiteraino. Duela egun batzuk bere buruaz beste egin duen Sarah Hegazi aktibista egiptoarra horren adibide garbia da. Diskurtso baztertzaileak areagotzen ari dira munduan zehar, baita Europan ere: Errusia, Polonia, Hungaria… dira horren adibide. Estatu espainolean ere geroz eta gehiago hedatzen ari dira LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako jarrerak, populismoaren eta muturreko eskuinaren eskutik. Baina, konkistatutakoa ez da itzulezina. Esberdinekiko beldurrezko diskurtsoei aurre egiten jarraitu behar dugu, aurretik dugun lana handia baita oraindik.

Egun bizi dugun testuingurura hurbilduz, konfinamenduak eragin negatibo espezifikoak ekarri ditu LGTBIQ+ pertsonentzat, eta argi dago ondorengo krisi sozioekonomikoak eragin horietan sakondu baino ez duela egingo. Pandemiaren aurretik zeuden errealitateak puztu egin dira: LGTBIQ+ pertsona askok indarkeria jasan dute haientzat seguruak ez diren etxeetan bizi behar izateagatik; beste batzuek arazoak izan dituzte osasun-zerbitzu espezifikoetara edo, oro har, zerbitzu publikoetara iristeko; jazarpen handiagoa jasan dute kaleetan edo lanean, eta, oro har, beren osasuna okertu, eta estres psikologikoa eta emozionala areagotu egin da, gainerakoek baino neurri handiagoan. Bazterkeria, prekarietatea eta diskriminazioa direla eta, ondorio negatiboak biderkatu egiten dira, adina, klasea, arraza edo egoera administratiboa bezalako beste ezaugarri batzuk kontuan hartzen ditugunean.

“Normaltasun berri” batera itzultzeaz hitz egiten den honetan, jendarte-ereduak ezartzen dituen arauekiko disidenteak direnentzat, diskriminaziora eta bazterkeriara itzultzea ekarriko ez duen errealitatea berria nahi dugu.
Erakunde publikoon ardura da pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzea eta, ondorioz, baita “nosmaltasun berri” hori ezagutzen duguna baino errespetuzkoagoa, justuagoa, duinagoa eta askeagoa izango den jendartea eraikitzeko baliatzea ere.

Aurtengo Harrotasun eguna LGTBIQ+ emakumeen berdintasunaren aldeko borrokara bideratu da, “2020, LGTBIQ+ Emakumeak: Sororitatea eta Feminismoa” lelopean. Izan ere, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan emakumeak dira ikusezin handienetakoak, kasu batzuetan ahazturan eroriak.

Ezin ezaba ditzakegu LGTBIQ+ aktibismoaren Memoria Historikotik urte luzez LGTBIQ+ pertsona guztien eskubide eta berdintasun errealaren alde borrokan jardun diren emakume lesbiana, trans eta bisexual guztiak.

Honengatik guztiarengatik, ekainaren 28 hau baliatu nahi dugu LGTBIQ+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina aitortzeko, garai zail hauetan guztion emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen baitute.

Hori horrela, Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du:

1. LGTBIQ+ komunitateko kideekin elkarlanean eratu duen diagnostikotik eratorritako ondorio eta ekintza lerroei bide emateko, elkarlan horretarako beharrezkoak diren partaidetza espazioak ahalbidetuz.

2. LGTBIQ+ ikuspegiarekin zaintzen lan-ildoak aktibatzeko, pandemian zehar sortutako zaintza-sare publiko-komunitarioan burututako jarduna adibide gisa hartuta eta COVID-19 osteko egoera latza lantzeko, gizarte aske eta berdinzaleagoa eraikitzeko.

3. LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatu nahian, ekainaren 28an Udaletxeko balkoian hortzadarraren ikurriña jartzeko, egun osoz.

4. LGTBIQ+ mugimenduak egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzeko eta herritarrak deialdi hauetara gonbidatzeko.

5. Hezkuntzaren arloan LGTBIQ+ pertsonen tratu berdintasunerako ekintzak edo eskolako bizikidetza planak lantzeko.

6. Erregistro Zibilari eskatzea ezaba dezala emakume bikoteenganako bereizkeria baldintza, haur jai-berriak inskribatzeko ezkonduta egon behar baitute.

7. Eusko Jaurlaritzari LGTBIQ+ Euskal Lege Integrala egin dezan eskatzeko.

8. Eusko Jaurlaritzari LGTBIQ+ Euskal Kontseilua sor dezala eskatzeko, gizarte-eragile publiko eta pribatuek aktiboki parte hartzeko gune gisa.

9. Erakunde publiko eta pribatuei eskatzeko emakume bisexualekin, lesbianekin eta transekin lotzen ditugun estereotipoekin hautsi dezatela.

10. Erakunde eskudunei neurriak har ditzatela eskatzeko, trans emakumeei herritar oso izateko eskubidea bermatua izan dakien.

11. Gobernu zentralari eskatzeko Estatuko Trans Lege bat onar dezala, dauden lege autonomikoen irizpideak harmonizatuko dituena eta transexualitatearen despatologizazioa onartuko dituena.