Errenterian hutsik dauden etxebizitzak mugitzea sustatzeko helburua duen dirulaguntza-lerroa sortu du Udalak

Udalak dirulaguntza-lerro bat sortu du Errenterian hutsik dauden etxebizitzak mugitzea sustatzeko. Dirulaguntza horiek COVID-19aren eragina arintzeko talka-planaren neurrien barruan sartzen dira. Plan horren 16. neurriak Etxeko gastuak finantzatzen dituzten eta, aldi berean, gremioak mobilizatzen dituzten laguntzak aurreikusten ditu. Horien artean dago alokairuko parke publikoan sartzen diren etxebizitza hutsak berritzeko dirulaguntza, eta Udalak epea ireki du hori eskatzeko.

Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute beren etxebizitza hutsa Bizigune edo ASAP programetan sartzen duten eta programa horietan sartu ahal izateko beharrezkoak diren obrak egiten dituzten jabeek.

Diruz lagunduko diren jarduerak dira obrak egitea edota ekipamenduak erostea edota eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria egitea.

Lerro horretarako baimendutako gastua 100.000 eurotakoa da.

Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea zabalik dago eta 2020ko azaroan 30ean amaituko da, edo aurretik, aurrekontuetako partida agortuko balitz.

Hutsik dauden etxebizitzek bete beharreko baldintzak

Dirulaguntza xede duten lanak egiten dituzten etxebizitza hutsek baldintza hauek bete beharko dituzte besteak beste:

– Errenteriako udalerrian egotea.

– Bizigune edo ASAP programetan sartuta egon beharko dute, edo horietara atxikitzeko konpromisoa hartu beharko dute.

– Etxebizitza hutsak gutxienez 3 urtez alokatzeko konpromisoa, etxebizitza ASAP programari atxikita egonez gero, eta 6 urtez etxebizitza Bizigune programari atxikita egonez gero.

Onuradunak:

Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute beren etxebizitza hutsa Bizigune edo ASAP programetan sartzen duten eta programa horietan sartu ahal izateko beharrezkoak diren obrak egiten dituzten jabeek.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak

Diruz lagunduko diren jarduerak dira obrak egitea edota ekipamenduak erostea edota eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria egitea.

Udal teknikariak emango du horri buruzko txostena, eta hirigintza-azpisaileko ordezkariak ebatziko du dirulaguntza ematea lanak hasi aurretik, edo ekipamenduak erosi aurretik, edo eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eduki baino lehen, hori guztia oinarri hauetan aurreikusitako baldintzak bete eta egiaztatu eta gero.

Lanak bukatu edota hornidurak eskuratu edota eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria egin ondoren, eta oinarri hauetan aurreikusitako izapideak egin eta gero ordainduko da dirulaguntza.

Dirulaguntzaren zenbatekoa

Alokabidek eskatutako birgaitzeko edo ekipamenduak erosi edo instalatzeko obrak egiten dituzten jabeek edo maizterrek itzuli beharrik gabeko dirulaguntza bat jasotzeko eskubidea izango dute, obraren kostu erreal eta efektiboaren % 30koa, BEZik gabe. Laguntza ezin izango da 3.500 eurotik gorakoa izan kontzeptu guztiengatik. Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria lortzeko laguntza emanez gero, laguntzaren gehieneko zenbatekoa ehuneko ehunekoa izan daiteke, betiere 100 eurotik gorakoa ez bada.

Dirulaguntza horiek eskatu eta eman ondoren, ezin izango da beste dirulaguntza bat eskatu diruz lagundutako etxebizitza beragatik bost urte igaro arte.

Laguntzak ematea

Errenteriako Udalak, programa honek indarrean jarraitzen duen bitartean, udal aurrekontuan, eskaeren eta aurrekontu-aukeren arabera diru-kopuru jakin bat esleituko du urtero.

Oinarri hauetan eskatutako egiaztagiriak aurkezten diren hurrenkeraren arabera emango dira laguntzak, aurreikusitako zenbatekoa agortu arte. Alokabiderekin kontratua sinatu ondoren, obrak egin ondoren edoeta ekipamendua erosi ondoren emango dira, eta behin jatorrizko fakturak aurkeztu eta gero.

Eskaerak laguntza jasotzeko baldintzak betetzen baditu, baina ekitaldi horretarako zenbatekoa agortua izanez gero, eskaera horrek lehentasuna izango du hurrengo urteko aurrekontuan finantzaketa lortzeko, betiere eskaeren hurrenkeraren arabera.

Informazio gehiago

Hemen kontsulta daitezke prozedurari, eskabideak ebaluatzeko irizpideei, obrak egiarazteari eta dirulaguntzaren ordainketari buruzko zein bestelako xehetasun guztiak: https://errenteria.eus/zu/dirulaguntzak/#hirigintza