Merkatariak, ostalariak eta enpresari txikiak Bizi Errenteria programara atxiki daitezen epea zabalik

  • Atxikimendua bizi.errenteria.eus webgunearen bitartez egingo da.
  • Bizikidetza-unitate bakoitzak 10 €ko 2 bonu jasoko ditu bere bizilekuan eta 18 eta 35 urte bitarteko biztanle bakoitzak beste bi bonu.

Errenteriako Udalak Bizi Errenteria programa martxan jarri du, pertsonak erdigunean jarriz, tokiko gizarte- eta ekonomia-eredua bultzatzen dituen egitasmoa hain zuzen ere.

Testuinguru horretan, Udalak herriko ekonomi eragileei deialdia egin die Bizi Errenteria programara eta horren baitako bonu-kanpainara atxiki daitezen, euren esku-hartzea ezinbestekoa baita egitasmoaren helburua aurrera eramateko: gizarte zein kultur eragileekin elkarlanean, herriari bizitza eman, elkar zaintzen jarraitzeko, eta zentzu zabalenean herri egiteko. Atxiki ahalko diren entitateak dira bonuen bitartez ondasun edo zerbitzuak erosteko aukera ematen duten Errenteriako merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta jatetxeetako txikizkako establezimendu guztiak. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira firma handien edo Estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresen filialak, bai eta azalera handiak ere (400 m2 baino gehiago).

Atxikitzeko bizi.errenteria.eus webgunean dagoen atxikitze-formularioa bete beharko dute merkatariek ekainaren 29tik aurrera eta ahal bezain laster, kudeaketa lanak erraztu aldera. Atxikitu ondoren, euren establezimenduaren izena bizi.errenteria.eus web-orrian argitaratuko da eta bonu-kanpainaren inguruko publizitate-materiala jasoko dute, posta arruntez edo posta elektronikoz, establezimenduan ikusgai jartzeko; aldi berean jasoko dute aplikatutako hobariak ordaintzeko eskaera egiteko inprimakia ere.

Bonuen onuradunak bi motatakoak izango dira: batetik, bizileku berean bizi diren

pertsonek osatutako bizikidetza-unitateak eta, bestetik, 2002. eta 1985. urteen artean jaiotako gazteak, hau da, 18 eta 35 urte bitartekoak. Guztiak, betiere, Errenterian erroldatutakoak. Bizikidetza-unitate bakoitzak 10 €ko 2 bonu jasoko ditu bere bizlekuan eta 18 eta 35 urte bitarteko biztanle bakoitzak beste bi bonu. Bonu horiek 30 €tik gorako erosketatan erabili ahal izango dira eta bateragarriak dira gainera.

Halaber, atxikitzeak aukera emango die merkatari, ostalari eta enpresari txikiei Bizi Errenteria programaren baitan egingo diren dinamizazio-ekintzetan parte-hartzeko. Dinamizazio horren helburua da tokian tokiko kontsumoa bultzatzea eta horretarako askotariko ekimenak burutuko dira datozen hilabeteetan: erosketetarako planak, ibilbideak, apaintzeak, girotzea, online ekintzak…

Edozein zalantza argitzeko, Udalak 010 eta 943 44 96 00 telefonoak gaitu ditu.