Udalak udarako eskaintza zabala antolatu du Bizi Errenteria ekimenaren baitan

Kultura | Merkataritza 2020-06-30 | 0

Udalak Covid-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko martxan jarritako Talka- eta Suspertze-Planaren baitan Bizi Errenteria programa abiarazi zuen ekainaren erdialdean. Errenteriarren eta Errenteriako ekonomia-sektoreen arteko harremanak sendotuz, bere osotasunean herriaren eta herritarron suspertze ekonomikoan eragiteko bokazioarekin sortu da, elkarren zaintza erdigunean jarriz.

Alde batetik, tokiko ekonomia bultzatzea du helburu egitasmo honek; bestetik, ezohiko uda hau, zeinean Madalenak ere bertan behera geratu diren, herrian bertan modu berezian gozatzeko eta herri biziaren izaerari eusteko programazio zabala osatu du Udalak. Finean, errenteriarrek osatzen duten komunitatea indartzen jarraitzea da xedea.

Guztira 40 ekintza antolatu dira modu deszentralizatuan: Erdigunean, Fanderian, Beraunen, Pontikan, Alabergan eta Iztietan. Kultur jarduera nabarmen gutxitzen ari den une honetan, azpimarratzekoa da, beraz, Errenteriako Udala alor horretan egiten ari den apustua eta ahalegina. Baina programazioa agenda kulturaletik harago doa, gure xedea izango da ekitaldi kulturalaren bueltan, plan osoagoak eskaintzea. Asmoa da uda honetan eskaintza kulturala, jarduera ekonomikoa eta herri biziaren izaera hori herri osora eta beraz, auzo guztietara eramatea

Programazioa ostiraletik aurrera

Kukai Dantzaren estreinaldi batekin emango zaio hasiera programazioari. Izan ere, Errenteriako dantza konpainiak ‘Kirol legez’ ikuskizunaren kaleko bertsioa eskainiko du ostiralean, hilak 3. Fanderiako futbol zelai txikian izango da, 22:00etan.

Ondoren etorriko dira kale antzerki saioak, zirkoa, musika, bertsolaritza, erakusketak, bisita gidatuak eta baita zinema emanaldiak ere. Egitarau orekatua eta anitza izango da eta hautaketa egiterakoan, programazio eszenikoaren kasua euskal ekoizpena lehenetsi dela azaldu dute. Herriko sortzaileen presentzia ere oso nabarmena izango da, gainera. Izan ere, besteak beste, Kukai Dantza, Carmen Cepero flamenko dantzaria eta Muskulo musika taldea izango dira oholtza gainean.

Gustu guztietarako proposamenak izango dira: Hika Teatroaren ‘Tonbola’ ikuskizunaren estreinaldiak eta Trapu Zaharrak konpainiaren ‘Turistreatzen’ lanak egungo errealitatearen gaineko begiradak ekarriko dituzte. El Gran Rufusen ‘Pink impact’ eta Malas Compañíasen ‘Prozak’ ikuskizunek umoreari tartea eskainiko diote. Gainera, Markeliñe konpainiak bere azken lana aurkeztuko du, ‘Psike’, formatu zabalean, argiztapen eta pirotekniarekin.

Kukairen dantza emanaldiez gain, Carmen Cepero falmenko dantzaria eta Tio Teronen semeak ere etorriko dira Errenteriara. Musika Hezurbeltzak eta Muskulo taldeen eskutik iritsiko da eta bertsolaritza, Ez da kasualitatea’ saioarekin.

Kaleko zinemaren programazioa ere orekatua izango da. Haurrentzako euskarazko filmak (“Elkano lehen mundu bira”, “Playmobil”, “Pokemon”…), familian edo lagunen artean ikusteko beste batzuk (“Rocketman”, “Agur Etxebeste”…) eta beldurrezko film bat proiektatuko dira (“Nosotros”).

Ikuskizun eta proiekzio guztiak doakoak izango dira, baina horiek ikusi ahal izateko aldez aurretik gonbidapena eskuratu beharko da bibe.me webgunearen bidez edo Niessen Kultur Etxean bertan. Pertsona bakoitzak 4 gonbidapen eskuratu ahalko ditu gehienez.

Halaber, ekintza guztiak, betiere bertaratutakoen segurtasuna eta osasuna bermatuko duten neurrien pean garatuko direla jakinarazi dute (edukiera kontrolatuak, distantzia egokiak, higiene-neurriak…).

Ikuskizunak eta gehiago

Aipatutako ikuskizunez gain, Udala formatu handiko instalazioa prestatzen ari da udalerriko hainbat gunetarako. Instalazio hori Mendi Urruzuno argazkilariaren ‘Herribirusa’ argazkiekin osatuko da. Bestalde, Xenpelar Etxean, Errenteriako Musika Bandarekin mendeurrenari buruzko argazki erakusketa bat ere antolatzen ari da.

Udal Txistularien Banda ere herriko kaleetara itzuliko da bere ohiko dianarekin. Bisita gidatuek eta irailean izango den Bizikletaren festak osatuko dute programazioa.

Programazio osoa bizi.errenteri.eus webgunean ikusgai dago dagoeneko.

Merkataritza sustatzeko dinamizazioa

Hau guztiaz gain, Bizi Errenteria ekimenaren baitan, herriko merkataritza sustatu eta dinamizatzeko hainbat proposamen izango da. Honen helburua da tokian tokiko kontsumoa bultzatzea.

Horretarako, Udaletik garatu den programazioa eta Merkatarien Mahaitik sortutako askotariko ekimenak burutuko dira datozen hilabeteotan: ibilbide proposamenak, apaintzeak, girotzea, online ekintzak…

Lanketa komunikatibo propioa izango duten sei plan ezberdin ere garatuko dira eta bakoitzak 15 eguneko iraupena izango du. Plan hauetako bakoitzean ezberdinak izango dira sustatuko diren sektoreak, hala nola, dendak oro har; kultura, formakuntza eta aisia; osasuna eta edertasuna; zerbitzuak; kirola eta gastronomia.

Atxikitutako merkatari, hostalari eta enpresa txikiek uztailaren 15ean abiatuko den bonuen kanpainan esku hartzeaz gain, euren eskaintzaren berri errenteriarren artean zabaltzeko aukera izango dute, beraz.

No comments yet.

Utzi erantzuna