Abian da ‘Bizi Errenteria’ programaren baitako erosketa bonuen kanpaina

  • Bonuak Bizi Errenteria programara atxikitako 200 establezimendu baino gehiagotan erabili ahal dira, uztailaren 15etik irailaren 15era.
  • 30 €-tik gorako erosketatan 10 €-ko hobaria ematen du Errenteriako Udalak herritarrei euren etxeetara bidalitako bonu bakoitzak.
  • Bonu kanpaina abiatzearekin batera hasiko dira, halaber, dinamizazio ekintzak; esaterako, uztailaren 23an Liburuaren Eguna ospatzeko lankidetzan jardungo dute herriko liburu dendek eta beste arloetako establezimenduek eta 28, 29 eta 30eko arratsaldeetan merkatariek euren eskaintza denden atarari ateratzeko aukera izango dute.

Udalak ekainaren erdialdean COVID-19ren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Talka eta Suspertze Planaren baitan martxan jarritako Bizi Errenteria programak aurrera darrai: harrera oso ona izan du herriko establezimenduen artean eta jada 200 establezimendutik goratan erabil daitezke Udalak etxeetara bidalitako bonuak. Izan ere, 200 merkatari, ostalari eta enpresari txiki baino gehiagok bat egin dute ekimen horrekin, pertsonak erdigunean jarriz, udalerriaren eta herritar guztien suspertze ekonomikoan eragiteko sortutakoa hain zuzen ere.

Bonuen kanpaina

Bizi Errenteria programaren mugarrietako bat bonu-kanpaina da, 2020ko uztailaren 15etik irailaren 15era martxan egongo dena, ondasunak eta zerbitzuak erosteko. Azken asteotan, herriko etxebizitza bakoitzari dagozkion Bizi Errenteria bonuak posta arruntez bidali ditu Udalak. Zehazki, bonuen onuradunak 2 motatakoak dira: batetik, etxebizitza berean bizi diren pertsonek osatutako bizikidetza-unitateak, eta, bestetik, 2002 eta 1985 urteen artean jaiotako gazteak, hau da, 18 eta 35 urte bitartekoak. Bizikidetza unitateko bi bonu bidali dira eta beste bi gazte bakoitzari. Errenteriako Udalak bereziki gazteek, egun, online erosketak egiteko duten ohituren aurrean, gazteei bi bonu gehiago helaraztea erabaki du, gazteek herrian erosketa egitera bultzatze aldera.

Udalak bizi.errenteria.eus webgunean argitaratu du bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda eta, bezeroek atxikitako lokal gisa identifika ditzaten, establezimendu bakoitzak Bizi Errenteria markaren biniloa jaso du, ikusteko moduko leku batean jartzeko.

Bonuak bateragarriak izango dira, eta 30 eurotik gorako erosketetan erabili ahal izango dira. Hau da, 30 € bakoitzeko, bezeroak 10 €-ko hobaria jasoko du; bonu bakoitzeko 10 € horiek Udalak ordainduko dizkio establezimenduari.

Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, Udalak 010 eta 943 44 96 00 telefonoak eskuragarri jarri ditu.

Tokiko merkataritzaren dinamizazioa

Bizi Errenteria programaren beste funtsatako bat da herriko merkataritza, ostalaritza eta askotariko establezimenduen dinamizazioa, bertako ekonomia sustatu asmoz. Horren bidez lortu nahi da herritarrei bertako eskaintza zabala eta askotarikoa ezagutzera eman eta horrela bertan kontsumitzea lehenetsi dezaten lortzea. Dinamizazio hori orain hasi eta azarora bitartean luzatuko da eta ekimenen ardatza 6 planetan banatu da, establezimenduak euren jardueraren arabera multzokatuta.

Orain, uztailan, arropa, zapata, osagarri, jostailu, lore, etxerako altzari zein osagarri denden txanda izango da eta horiek hainbat ekintza burutuko dute, zenbaitetan beste arloetako establezimenduekin elkarlanean: esaterako, uztailaren 23an Liburuaren Eguna ospatuko da: planaren barruko dendek eta liburu-dendek elkarlanean ospatuko dute, euren eskaintza trukatuz. Bestalde, hilaren 28, 29 eta 30ean, arratsaldez, dendariek euren produktuak dendaren atarira ateratzeko aukera izango dute, horrela herria girotu eta kaleei bizitza emateko. Gainera, solasaldiak, tailerrak eta abar ere izango dira dendatan.

Guzti horren berri zehatza bizi.errenteria.eus web-orrian eta Herri Biziaren sare sozialetan zabalduko dugu.