Gripe espainiarra, duela ehun urte mundua kolpatu zuen pandemia Jantziaren Zentroan

Kultura 2020-07-17 | 0

Errenteriako Kapitain-etxean sartzerakoan, 1918. urtean murgilduko da bisitaria bapatean. Jantziaren Zentroak XX mendeko pandemia handienak gure herritako kaleak astintzen zituen unea ekarri du gogora.

Europan lehen mundu guda betean, neutrala zen Espainiako komunikabideek gazteei eragin eta ehunka hildako uzten zituen gripe baten inguruko albisteak plazaratu zituzten. Guda garaiko zentsura tarteko, gainerako estatuek Europan barrena gertatzen zena ezkutatu zuten, horregatik birusari ‘gripe espainiarra’ deitu zitzaion.

Euskal Herrian 1918 urteko irailean Hendaian eta Irunen erregistratu ziren lehen kasuak, aste gutxira Irungo biztanleariaren ehuneko 1 hilda zegoen.

Irailaren erdialdera arte doan ikus daiteken erakusketak bi zati ditu. Batean, 1918 urteko kale eszena bat, hamaika lagun, bederatzi emakume eta bi gizonezko Donostian. Janzten dituzten beroki eta kapela batzuk jatorrizko jantziak dira XX mende hasierakoak, gainerakoak garai horretakoen kopiak dira. Aurpegian daramatzaten musukoak, 1918-1920 urteetako argazkiak oinarri hartuta egin dira.

Bestean, jatorrizko argazkiak eta hainbat testu daude. Horietan Espainiako gripea zer izan zen, eta Euskal Herrian eragindako 15 milatik gora hildakoez gain, Errenterian, Gobernadore Zibilaren aginduz ezarri ziren debekuak aipatzen dira, besteak beste: eskolen itxiera eta asteroko azoken debekua.

Erakusketa irailaren erdialdera arte doan ikusi daiteke Jantziaren Zentroaren beheko solairuan.

Gaueko bisitak

Udarari begira, Jantziaren Zentroak gaueko bisita gidatuak eskainiko ditu lehendabizikoz. Guztiak larunbat gauean izango dira, uztailaren 11n eta 18an eta abuztuaren 8an eta 22an, iluntzeko 22:00etatik aurrera. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus helbidera idatziz edo Errenteriako turismo bulegora deituz 943 49 45 21 telefonora.

Jantziaren Zentroa asteburuetan irekitzen da, larunbatetan 11:00-14:00/17:00-20:00 eta igande eta jaiegunetan 12:00-14:00. Bisita libreak 3 euro balio du eta bisita gidatuak, 5 euro.

No comments yet.

Utzi erantzuna